hurrengoa
big bang data    Gutariko pertsona bakoitzak datu mordoa sortzen du egunero bere telefono mugikor, ordenagailu, sare sozial, argazki eta bideo digital, transakzio, erosketa, gps seinale, eta abarrekin. Kontua da, datu guzti hauek jaso eta biltzea geroz eta errazagoa dela. Eta datu hauen irakurketa egin ostean gure portaera, kontsumo ohiturak, inbertsioak, ideologia, lagunartea eta abarrak ezagutu eta eraldatzea ia edonoren esku dago. XX. mendea petroleoaren mendea izan bazen, XXI. mendeko urre beltza datuak dira. Datuen eztanda garaian bizi gara. Gure bizitza, geroz eta gehiago, kanpotik edo gu geuk sortutako datuen bitartez definitu, moldatu eta bideratu daiteke. Datu anabasa hau gizarte kontrolerako tresna eta aberastasun iturri izan daiteke... bestetik ezagutza prebentzio, gardentasun eta efikazia tresna ere izan liteke... Nork, eta nola bideratzen da balantza alde batetara edo bestera?

Azken bost urteotan gai honen inguruan hausnarketa eta kontzientziazio korrontea sortu da. Administrazioan eta enpresa munduaz gain, alor akademikoan, zientifikoan, kultura eta gizarte alorretan ere interes berezia sortu du garatzen ari garen eta gizartean eragin eta aldaketa nabarmenak sortzen ari den datuetan oinarrituriko mundu berria. Datuetan oinarritzen den errealitate berri honetan desafio ezberdinak topatzen ditugu:

Hodeiaren pisua

Gure datu behar asegaitzak bere inguruan industria astun bat sortu du. Planeta osoa inguratzen duten kable, uhin eta abarrak elikatzeko behar den energia ez da txantxetan hartzeko modukoa.

Informazio eztanda

Datuak sortu, transmititu eta metatzeko erritmoa garapen etengabean dago. Azken 50 urteotan garapen horrek abiadura izugarria hartu du. Segundo oro sortzen dugun datu kopurua hain handia da ezinezkoa bihurtu daitekeela batetik metaketa eta bestetik horren kudeaketa logiko eta efektiboa.

Datuen azterketa

Gobernuek, enpresek, erakunde zientifikoek eta abarrek sortzen dituzten datu masak kudeatzeko, jasotzeko edo eta irakurtzeko modu berriak behar dira. Datu masiboen iraultzak, datu horiek aztertzeko metodologia eta teknika berriak ekarri dituzte. Eta horrekin batera lanbide berriak: datu aztertzaile eta hauen informazioaren itzultzaile diren data scientist deritzotenak.

Munduaren datifikazioa

Informazio kopuru handiak metatzeko erraztasunari, informazio hori sortzeko erraztasuna gehitu behar zaio. Nola? Munduan ugaltzen ari diren sentsoreei esker: GPS-ak, merkantzia eta pertsona garraio monitorizazioak, airearen kalitatea neurtzen duten tresnak, bideobigilantzia kamarak, trafiko neurgailuak, muntai kateen kontrol digitalak,...

Mundua datuen bidez azaltzen

Estatistika modernoaren sorrerarekin, mundua ulertzeko modu berria datuetan oinarritzen dena da. Eta azalpen eta ikerketa objektibo izatetik, egun, subjektibotasuna ere datuekin aztertzeko joera hartu du. Giza portaera, sentimenduak, pentsamenduak datu bihurtu eta datuen bidez azaltzen dira. Duela gutxira arte datu horien lorpena metodo zientifiko, industrial edo administratiboen laguntzarekin lortzen ziren. Egun, web 2.0 ari esker, datu horiek gu geuk proportzionatzen ditugu sarea erabiltzen dugun bakoitzean. Bertan, gure nahiak, beldurrak, itxaropenak edo eta desioen berri ematen dugu eta sentiment analysis deritzan teknikaren bitartez, gure lehentasun kolektibo, komertzial politiko edo sexualak datu bihurtu daitezke. Gutariko bakoitzak, sare sozialetan ematen duen datu andanari esker produktu bihurtu gara. Gure datuekin komertzioa egiten dutenak Data Broker izenez dira ezagunak eta internet sustengatzen duen modelo ekonomikoan oinarrizkoak dira.

Datazentrismoa

Erabakiak hartzerako orduan datuetan soilik oinarritzeak aukera asko irekitzen ditu baina arriskuak ere baditu. Datazentrismoaren arrisku nagusia, datuetan gauza guztien erantzuna dagoela sinistea da. Gizarteak beharrezkoak ditu subjektibotasunean oinarritutako mekanismoak. Anbiguitate dosiak mantentzea beharrezkoa da erantzun guztiak Data Center batean metatutako datuen eskuetan utzi beharrean.


Jakin badakigulako datuek ezin dute guztia kontatu. Eta horregatik hain zuzen ere, hiritarrok jabetu behar dugu ezin dugula datuen kudeaketa eta erabilpena besteon eskuetan utzi. Ez da komeni datuak esplotatzen dituztenen aurrean kontsumitzaile pasibo soilak izatea baizik eta datu hauengana iristeko eskubideak ezagutu eta aldarrikatzea garrantzitsua da. Hamaika administrazio, erakunde, talde eta aktibistek datu irekien inguruan politikak, gardentasuna eta parte hartze hiritarra sustatu dituzte. Horrezaz gain, sareko konpainia handi eta ¨sare ofizialen¨ tentakuluetatik at, plataforma eta parte hartze modu berriak garatu dira. Civio fundazioa adibide (civio.es/en)

Baten batek galdetuko zion bere buruari... Nolatan the baldekoak gai honen inguruan? Ba Bartzelonako CCCB-n erakusgai dagoen Big Bang Data erakusketan izan garelako. Eta hain zuzen ere, datuen mundu honekin zerikusia duten artelan eta proposamen interesgarri ezberdinek hausnarketa eta ikerketa txikia egitera eraman gaituztelako. Arteak ere horretarako balio duelako...