hurrengoa
itsas estrukturak -bell rock-    Bell Rock faroa iparraldeko itsaso erdian dagoen Inchcape izeneko arrezifean dago, Eskoziako Arbroth hiriko kostaldetik 18 kilometrotara. Inchcape arrezifea, marea bizietan 1,5 metro azaleratzen da ur gainetik. Tarte eskas horiek kenduta, itsasoko urak estaltzen du arrezife osoa. Iparraldeko itsaso beltz eta bortitzetan dauden itsas argi bakarti baten erreferentzi hutsak La pel freda (Larrua hotz) liburuko protagonistak ekartzen dizkigu gogora. Bells Rock-en ere Batis Caffo, Aneris, eta meteorologo irlandarra irudikatzen ditugu (ikus zenbaki honetako paperpapers).

Faro honek ordea badu bere historia propioa. Historia hau, legenda batekin hasi eta bere garairako ingeniaritza iraultza bat suposatu zuen eraikuntza ¨titanikoa¨ barneratzen ditu. Inchcape arrezifea Tay eta Forth arrezifeen nabigazio bidearen erdian dago. Aipatu bezala, marea bizietan soilik ur azaleratzen denez, hiltzaile ikusiezina da barkuentzat. Erdi haroa geroztik da
ezaguna eta beldurgarria arrezifea. Legendak dio, XIV. Mendean, Arbroathko abadeak, itsas mareen indarraz mugitzen zen kanpaia erraldoi bat jarri zuela bertan itsas ontziei abisua emateko. Eta hain zuzen ere istorio horrek eman zion izena mende batzuk beranduago bertan eraikitako faroari. 1799. urteko abenduan, itsas ekaitz bortitz baten eraginez Eskoziako ekialdeko kostaldean 70 itsas ontzi hondoratu zirenean faroa eraikitzeko erabakia hartu zuten. Agintariek orduan egin zioten jaramon Robert Stevenson ingeniariari. Ingeniari eskoziar honek urteak zeramatzan Inchcape arrezifean faro bat izanez gero, istripu asko saihestuko zirela esaten. Urte batzuk beranduago Robert Stevenson ingeniariaren bilobak, Robert Louise Stevenson idazleak, aitona eta hark eraikitako faroaren inguruan idatziko zuen.

1807 eta 1810 artean eraiki zen itsas argia. Bertan lan egin zuten langileek lan baldintza beldurgarriak jasan behar izan zituzten. Itsasoaren erdian isolatuta, detailerik txikienak ere garrantzia zuen. Bi itsas ontzi ainguratu eta palafito bat eraiki zuten Inchcape arrezifean. Kostaldetik 18 kilometrora gisa honetako faro bat eraikitzeko, aurrerakuntza eta asmakizun ugari gauzatu behar izan ziren. Besteak beste, azkar lehortzen zen porlan berezia, karga zaldiak eusteko polea jokoa, mareen arabera lan egin behar zutenez, gauez tokatzen zitzaienean, argia lortzeko asmatu zituzten petrolio globoak,...

Faroa 1811. urteko otsailaren 1an piztu zen lehendabiziko aldiz eta eguneraino piztuta izan da. 1988. urtean faroa automatizatu zuten eta orduz geroztik bertan ez da bizi farozainik. Eta farozainik gabeko faroa, bere funtzioa berdin betetzen badu ere, ez du poesiarik. Presoaren gogoa kartzelara itzultzen den moduan, gustatzen zaigu pentsatzea Bell Rockeko farozainarena itsas argian dirauela, larrua hotz.