audio
hurrengoa

Worship The Sun

Allah Las

Uda garaia luzeagoa da Allah Las entzuten baduzu. Los Angeleseko Amoeba disko dendan elkar ezagutu zuen laukoteak bigarren estudioko diskoa dakar. 60eko hamarkadako doinu eta estetika fineko kantuek osatutako lana da, Love gisako taldeak gogorarazten dizkigu. Psikodelia errezean erori gabe, kantu sinple baina erraldoiak egiteko gai direla erakusten dute: folk, rock, pop eta surf estiloak nahastea maite dutenentzat.

hurrengoa

King Tuff Black Moon Spell

King Tuff Black Moon Spell

Rock doinuekin nahi dutena egiten duten musikari amerikar sorta ezagutzen ari gara azkenaldian. King Tuff ez da Ty Segall-en mailara iristen, baina honek ere joera ugari maisuki nahasten ditu fuzz giroen laguntzarekin. Honela, disko zuzen eta bizia eraiki du, zeinean nahastu egiten diren doinu klasikoak (Rainbow´s Run eta Beautiful thing), sendoak (Black Moon Spell eta Magic Mirror) eta bihurriak (Black Holes in Stereo).

hurrengoa

Joseba Irazoki eta lagunak

Joseba Irazoki eta lagunak

Geldirik egon ezin diren musikari horietakoa da Joseba Irazoki. Oso banda bakarlana aurkezten ibili ostean, talde-lana berreskuratzen duen proiektu berri batekin datorkigu orain. Egitura konplexu baina sendoak erakusten dituzten kantuak dira, erritmo aldaketetan eta errepikapenetan oinarrituak. Asko zaindu du ahotsa, eta disko berezi bezain ona osatu du.

hurrengoa

Moon Hooch

This is cave music

Diskoaren tituluak dioen moduan, kobazulotik datorren musika egiten du Moon Hooch hirukoteak. Bi saxofoi eta bateriajole batek osatzen dute taldea. 2013an argitaratu zuten lehen diskoko Number abesti dantzagarriarekin erotu bagintuzten, erritual berbera proposatzen digute oraingoan EWI bezalako abestiekin. New Yorkeko metroan hasi ziren, eta dantzalekuetako kobazuloetan ari dira orain.

hurrengoa

Bonfire Beach

Bonfire Beach

Magic Wands taldeko Dexy Valentine abeslariaren proiektu berria da Bonfire Beach. Ispiluaren aurrean jartzen baditugu, Spacemen 3, Bikini Kill, Dum Dum Girls eta My Bloodie Valentine-ren erreferentziak aurkituko ditugu. Spit u out abestiak irekitzen du hamaika kantuz osatutako diskoa, guztietan intentsuena. Gero, Black Tinted Moonligh eta horren gisako kantu hipnotikoak aurkituko dituzu. Eserita bidaiaraziko zaituen musika.

hurrengoa

Even the sun will burn

Iska Dhaaf

Bi kidek osatutako taldeen gaindosia dugula uste baduzu, oker zabiltza. Iska Dhaaf Nathan Quiroga eta Benjamin Verdoes musikariek osatzen dute taldea, eta ideia hori birrintzeko asmoarekin datoz. Ez dute musika gogorra lantzen, baina rock giroak erabiltzen dituzte pop pintzelez jositako abestiak eraikitzeko. Indie musikak baino nortasun gehiago erakusten dute Happiness eta Everybody knows kantuei esker.