hurrengoa
camille zeruetan zarena    Aitzinako euskaldunek gizakia hartzatik zetorrela sinesten zuten. Inguruan tximurik ez, eta gizakiarekin antzik handiena zuen animalia hartza zen, zalantzarik gabe (bi hankatan ibiltzeko gaitasuna du). Horren erakusle, oraindik Nafarroa eta Zuberoako festetan hartzak duen protagonismoa. Arizkun, Ituren eta inauterietan hartzak duen garrantziaz gain, azken urteotan, izan da gurean arrastoa utzi duen
hartza: Camille.
Camille piriniotako azken hartza izan zen. 2010ean hil zela uste dute haren jarraipena egin zuten biologo eta guardek. Egun, Esloveniatik ekarritako hartzak daude Pirinioetako paraje isolatuetan, baina horrek ez luke aitzakia izan behar. Maskotentzako hotelak eraikitzen dituen gizartea izanik, ez gara gai izan berreskuraezina den altxor bat babesteko. 1997an ikusi zuten Camille Nafarroan lehen aldiz, Urzainkiko Urralegi sakanera hurbildu zenean hango hariztian ezkurrak jatera. Bere lehen ¨ardizidioa¨ Uztarrozen egin zuen hilabete batzuk beranduago. Ardiei eginiko lehen erasoak bortitzak eta odoltsuak izan ziren. Biologo batzuen ustez, bakarrik egotearen estresak sortua izan zitekeen hartzak erakutsi zuen amorru hura. Camille Aspe aranekoa zen, eta han zebilen bere arreba Clauderekin, ehiztari sasikume batzuek hura hil zuten arte 1994an.

Camille ezagun egin zen, eta garaiko Nafarroako gobernuko ingurugiro arduradunak, Yolanda Barcina andereak, aurre egin behar izan zien, bai saien erasoei eta bai, Camilleren erasoei ere. Haren gestioaren adibiderik onena Orozen zintetan topa dezakegu. Ordainezinak. Ordaindu zirenak, ordea, kalte-ordainak izan ziren. Milioi bat eurotik gora jaso zuten abeltzainek erasoen aitzakian. Abeltzain batzuentzat oso errentagarriak izan ziren Camilleren joan-etorriak. Kalte-ordainek iraun zuten bitartean, bakea egon zen, baina, kalte ordainik ezean, hartzak ez zuen baliorik. Basurde ehizaren aitzakian, ehiztari frantses (sasikume) batzuek Canelle akabatu zuten Urdoxen 2004an. Azken hartz emearen konpainiarik gabe
geratu zen Camille, bakarrik eta estresak eta depresioak jota. 2010an desagertu egin zen
Camille, gaixorik eta bakarrik.

Camille Extreme izeneko kirol froga, 104 kilometroko Camille Bidea, Kamiltxo panpina… Halakoak sortu bai, baina ez zuten hartza bera babesteko fundamenturik izan horretaz arduratu behar zutenek. Pirinioetako azken hartza akabatu zutenei ez zaie deus gertatu, eta egun apenas akordatzen gara Camillerekin. Edozein egunetan, Pirinioetako hartza arrazaren azken gene eskasak gordetzen dituen Canelito hartza ere tirokatuta azalduko da mendi bazter batean. Afrikan aspaldi ikasi zuten bizirik dagoen lehoi batek hilik dagoenak baina aberastasun gehiago sortzen duela. Gu, oraindik, hori ulertzeko prozesuan gabiltza.