hurrengoa
mondo filmak    1962an Gualtiero Jacopetti, Paolo Cavara eta Franco Prosperi zinegile italiarrek Mondo Cane (mundu zakurra) izeneko pelikula filmatu zuten. Pelikulan, munduko zonalde eta kultura exotikoetara eginiko bidaiak eta bertan filmatutako errito, ohitura eta gertakizun gordin eta muturrekoak erakusten dizkigute. Biluztasuna eta gizakiekin eta animaliekin krudeltasuna erakusten zuen pelikula honek zine genero berri bati hasera eman zion.

Mondo filmen oinarria grabaketa dokumentalak dira, baina ia beti, erreportaje gisa aurkeztuak. Telebista sentsazionalismo mota batek egun hain ahaztuak dauden Mondo filmetan du oinarria. Mondo Cane lehen film hark mugarria jarri eta aurrerantzean, pelikula mota hori egiten hasi ziren zuzendari ezberdinek, Mondo izenarekin bataiatu zituzten beren lanak. Film gehienetan, filmatutako errealitateaz gain, trikimailu asko dago ( erritual eta gertakizun asko antzeztuak daude). Asmoa, beste mundu ezkutu eta ezezagun bat ere bazela erakustea zen, nolabait , XX. mende hasierako freak zirkuek egiten zuten moduan. Ingelesez Shockumentary izenez ere ezagunak dira eta pelikula hauek AEBtan banatzen direnean Mondo jartzen duen tokian Shocking izena jartzen diote. Helburu nagusia ikuslea txunditzea bazen ere, beti zipriztintzen zituzten istorioak ironia eta umorez.

Mondo Caneko zuzendariek, 1966. urtean beste pauso bat eman zuten arte. Urte hartan Africa Addio filmatu zuten. Film hartan, ziurrenik nahi gabe eta asmo politikorik gabe Afrikako deskolonizazioaren ondorioak erakutsi zituzten. Hilketa etnikoak, erregimen militarren basakeria, esklabotza, animali ehiza masiboa,...probokatzea eta txunditzea soilik bilatzen zuten zuzendari gazte naif horien inozentzia akabatu zuen Afrika Addiok. 70. hamarkadan, sentsazionalismo eta gordinkeria lasterketa batean bihurtu zen Mondo filmen ekoizpena.. Horretarako telebista artxiboetatik ateratako irudiak eta bestelako filmaketa ugari erabiltzen hasi ziren. Ikuslegoa, haserako film horien gordinkeria exotikoaz aspertzen hasi zenean, ¨errealitate¨ kutsuko gaiak zabaltzen hasi ziren. Aurrerantzean istripuak, ebakuntzak, sexuarekin zerikusia zuen edozein aldaera, exekuzioak, drogak, suizidioak,... 80. hamarkada iritsi zenerako gidoiek edo gaika sailkatutako pelikularik ez zen existitzen. Mondo filmak basakeria bildumak besterik ez ziren. Oso epe laburrean ekoiztu eta zuzenean bideoklubetarako egiten ziren pelikula merke eta kutreak. Mondo filmek, orduz geroztik bide horri jarraitu diote. Oraindik ekoizten dira baina egun youtube zerrenden modukoak besterik ez dira. Sekuentzia bat bestearen ostean ikuslea txunditu asmoz. Eta hori, egun bizi dugun gizartean zaila da oso. Sarea existitzen denetik, Mondo filmek ez dute zentzu handirik. Garai batean txunditzen gintuena ikusteko, egun ez da kamara gizon eta emakume talde ausartik inora bidali behar. Ordenagailua piztea besterik ez dago. Mondo pelikularen bat ikusi nahi duenak badu non aukeratu: Mondo Cane seriea ( ez dago jakiterikmzenbatgarren zenbakian doazen dagoeneko), Africa Addio, Mondo di Notte, Mondo Trasho, Mondo Topless, Afrika secreta, Mondo Hollywood, Savana Violenta, Droga Sterco di Dio, Mondo Mudo, Malamondo, Mondo Balordo, Mondo Brutale, Mondo Bizarro, Shocking Asian, Mondo Porno, Mondo Delirium, ...