hurrengoa
roy andersson: zinegilea kamara batekin existentziaz hausnartzen    Absurduaren komedia, surrealismo groteskoa, koreografia humanista, zine piktorikoa,... Roy Andersson zinegile suediarraren zinemagintzak definizio ugari onartzen du. Veneziako zinemaldiko azken edizioan, bere zinemagintza bereziaren adibide garbia den izenburu bitxiko film batekin irabazi zuen urrezko lehoia: En duva satt på en gren och funderade på tillvaron (A Pigeon Sat on a Branch Reflectiong on Existence).

Izenburu bereziak, hain zuzen ere pelikularen lehen planoari egiten dio men. Zinemaldi garrantzitsuenek, suediar honen pelikulak primizian estreinatzeko borrokatzen badute ere, ikuslego orokorrarentzat ezezaguna da Roy Andersson. 1969. urtean, En kärlekshistoria (A swedish Love Story) bere lehen pelikularekin, Berlingo jaialdian lau sari jaso zituen. Arrakastaren ostean, Anderssoni oso gauza ¨bergmaniarra ¨ gertatu zitzaion. Depresio batek harrapatu eta lur jota egon zen. Prestatzen ari zen filma bertan behera utzi eta proiektu berri bati ekin zion. Giliap izenburuko komedia beltza estreinatu zuenean, kritikak ez zuen gupidarik izan. Bergman sindromearen itzal luzea itzuli eta ondorengo 25 urteetan, Andersson-ek ez zuen pelikula berririk egin.

Gure gozamenerako ordea filmatzen jarraitu zuen. Iragarki errealizadore gisa lan egin duelako orduz geroztik. 400 iragarkitik gora egin ditu bere ibilbidean eta bere lanek, eragin handia izan dute publizitatean. Anderssonen estilo berezia behin eta berriro kopiatu dute iragarki ezberdinetan. Horietako franko sarean topa ditzakezue. 1981. urtean, zine konpainia txiki bat sortu eta bi film labur egin zituen. Någonting har hänt (Something happened) izenburua zuen lehenak, IHES-aren gaia jorratzen zuen eta Suediako Osasun Ministerioaren enkargu bat zen. Proiektua bertan behera geratu zen ministerioko arduradunei gaia jorratzeko modua ilunegia iruditu zitzaielako. 1993ra arte ez zen estreinatu. 1991. urtean egin zuen bigarren film laburrak, Härlig är jorden (World of Glory) , beste batzuen artean, Clermont Ferrand Zinemaldiko sari nagusia jaso zuen.

Arrakastak bultzatuta, baina presa handirik gabe, Sånger från andra våningen (Songs from the Second floor ) film luzea filmatu zuen 2000. urtean. Urte hartako Cannes-ko jaialdian epaimahaiaren saria jaso zuen. Anderssonen estiloaren adierazgarri diren plano fijoan filmatutako 46 sekuentzia luzeetan, militar nazi itxura duten burokratak, arrausika doazen metro bidaiariak, amildegira botatzen duten neskatoa, zabortegian gurutzean iltzatuta dagoen jesukristorena,... kritika sozial nabarmena ezkutatzen duten sekuentzia naif, surrealista eta indartsuak. Harribitxi liluragarri bat. Sekuentzia bakoitza filmatzeko, Andersson-ek, denbora epe luzeak erabiltzen ditu. Rembrandt-en pintura handi eta panoramikoak bailiran, akzioak, pertsonaiak eta objektuak konposatu eta zuzentzen ditu bilatzen duen efektua lortu arte.

2007. urtean, ildo beretik, Du levande (You the Living) filmatu zuen, eta aipatutako uso hausnartzaileak, aurten Veneziako sari nagusia jaso duen A Pigeon Sat on a Branch Reflectiong on Existence filmekin batera, Anderssonek trilogia eder, original eta pertsonala sortu du. Gutxi batzuen plazerrerako zoritxarrez. Edo zorionez. Gutxitan izan da hain zuzendari saritua hain ezezaguna gure artean.