hurrengoa
monicelli & terence davis, elkarri begira    Glamourra, ¨by the face¨ bila datozen sasi-gonbidatuak eta komunikabideei jaten ematen dieten dozenaka ergelkeriaz gain, Zinemaldi batek, beste inon ikus eta aztertu ez daitezkeen edukiak eskaini behar ditu. Aurten, bi zuzendari guztiz ezberdinak jarriko dizkigu aurrez aurre Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak. Nik Monicceli ez nuen zuzendari gisa deskubritu 1999. urtean Zinemaldiak “Boom italiar erara” atala antolatu zuen arte (aurreko urtean gerra osteko italiar zineari ere tartea eskaini zitzaion “Ogia, maitasuna eta fantasia” izeneko zikloarekin). Emanaldi horietako batean deskubritu nuen aspaldian nire burmuinean urratsa utzi zuen pelikula baten egilea zela Mario Monicceli. “Amici miei”, hemen "Los cuatro" gisa ezagutzen dena. Ez da bere filmik onena, ez eta ezagunena ere, baina pelikulak gordetzen dituen une batzuk ordainezinak dira. Gizon heldu eta ganberro batzuen bihurrikerien kontakizuna da. Hain zuzen horretan datza filmaren arrakastaren sekretua. Berez serioak eta formalak beharko luketen gizonak pitokeriak egiteko elkartzen dira. Filmaren umorearen atzean, eta protagonista bakoitzaren drama partikularrak ikusita, bada sakoneko karga bat, nik haurtzaroan ikusi ez nuena baina bigarren ikustaldian filma gehiago maitatzea eragin ninduena. Jabetuko zineten zenbateko inpaktua izan zuen film hark nigan, Monicceliri dagozkion lerroak honezkero jan ditudalako eta ez dut bere filmografiaz eta lanaz apenas ezer esan…baina ez al da zuzendari bati gertatu dakioken gauzarik ederrena? bere lanak utzi duen urratsa bere izenaren gainetik egotea...
Terence Davis zine zuzendari ezezaguna da gure artean. Liverpool-en jaio zen sortzaile honek idazle, gidoilari eta aktore gisa ere lan egin du. Bere begiradak beste zentzuekin batera lan egiten du. Sentimenduak baino sentsazioak bilatzen ditu. Bere pelikuletan, pertsonaiek emozioei eutsi egiten diete. Erlijioak eta dogma moralek gizartean izan duten eragina eta modu berean honek gizaki bakoitzari eragiten dion modua islatzen du bere istorioetan. Homosexualitatea ere erreferentzia da bere lanetan. Bere istorioek sinfonia baten hezurdura izaten dute. Gurean nekez ikusi ahal izan dugu haren pelikularik zine aretoetan estreinatuta. Gutxiengo batek ezagutzen du haren lana. Autore eta artisaua zinema da.
Terence Davis-ek ez du filmografia zabalegia. Erritmo eta jarrera bereziarekin lan egiten duen zuzendaria da. Bere lanen artean “The Neon Bible” (1995) -John Kennedy Toole-ren "beste" nobelaren adaptazioa-, “The house of Mirth” (2000) eta aurten Cannes-ko jaialdian aurkeztu duen “Of time and the city” dokumentala, non Liverpool, jaioterria protagonista bihurtu eta saminez eta ironiaz hitz egiten du berreskuratutako zeluloide zati zahar eta musika garaikidearen laguntzarekin. Donostiako Zinemaldian izango du, ziurrenik beste inon topatuko ez ditugun lan hauek ikusteko aukera.