hurrengoa
earle bereko ezpala    Artikulu hau Steve Earle eta Justin Tower Earle aita seme musikarien ibilbidearen inguruko errepasoa izan zitekeen. Beste batzuen artean, Tim eta Jeff Buckley, Bob eta Jacob Dylan, Jhon, Julian eta Sean Lennon kantari-sagen istorio gazi-gozoaren bidetik kontatu beharko litzatekeena.

Idatzi genezakeen aitaren lanbideagatik haurtzaroa hara eta hona eman zuela Steve Earlek, hegazti errarien moduan. Idatzi genezakeen haren musika zaletasunaz, droga menpekotasunaz, aktibismo politikoaz, haren emazte eta banaketa kontaezinez. Idatzi genezakeen ere harreman horietako baten fruitua den Earlez. Idatzi genezakeen nola, bi urte zituenean, aitak abandonatu egin zituen. Idatzi genezakeen nola Justin gazteak, 12 urterekin, musika eta droga aitaren pasio berberaz besarkatu zituen. Idatzi genezakeen Earle aita-semeen harreman zailaz. Idatzi genezakeen bi musikari izuen talentuaz. Idatzi genezakeen muturreko sentsibilitateaz. Idatzi genezakeen genetikaren indarraz.

Baina zertarako idatzi honez gero idatzita dagoen zerbaiten inguruan ? Guri Steve aita eta Justin Towers Earle semea azaltzen direneko irudi hau soilik interesatzen zaigu. Gutariko bakoitzak sortu eta hautsi ditzakeen ohitura eta tradizioez hitz egiten digulako. Maitasunaz eta sustraiez hitz egiten digulako. Eta maitasun eta sustrai horiek nola hautsi eta berriro sortu daitezkeen. Aita militarra N.Y-en destinatuta zegoenean, han jaio zen Steve Earle, baina zorua zapaldu zuen lehendabiziko aldian, bere aitak propio ekarritako Texasko lurra jarri zion aurrean. Halaber, Justin, Steveren semea, jaio zenean, Steve aitak Texasko lurra zabaldu zuen plater batean eta hura zapaldu zuen lehendabiziko aldiz semeak. Bi urte beranduago, aitak etxetik alde egingo zuen, eta bakoitzak bere biografia elikatzen jarraituko zuen.