hurrengoa
txokolatea    Rockaren kantu-narrazioei eskainitako bildumaren bigarren emaitza Aritz Brantonen eskutik. Tindersticks-en Chocolate ederra. Ostiral arratsalde ezin hobea izan zen. Lana ia bukatuta geneukan. Apaintzen ari ginen etxea gizontxo zahar batena zen. Traje txalekodun batez jantzita zebilen beti, eta, ziur aski, soldadutzatik lizentziatu zenetik zeukan.

Bazirudien beti zegoela postetxerako bidean, paper
marroiz eta lokarriz bildutako paketeak besazpian.
Txikoria ateratzen zigun portzelanazko kikaretan,
eta custard cream gailetak plateretan. Gurasoen etxea zen: urte batzuk lehenago zendu ziren, bata bestea baino aste gutxi batzuk geroago. Gizona ez zen inoiz beste inorekin bizi izan, ezta beste etxe batean ere. Neure buruari galdetzen nion zer gertatuko ote zitzaion etxeari gizona zendu ondoren. Nire gelara heltzeko ibilbidea oso laburra zen. Garai batean, etxea agurearena bezalakoa izan zen, baina ordurako gela bakarreko hainbat pisutan zegoen banatuta. Eta, iraganean, haren etxeak bezala, lorategi handia izan zuen. Gaur egun, ordea, solairu bakarreko eraikin moderno bat zegoen hor, eta, haren barruan, haginlari baten eta podologo baten kontsultak. Nire gelan sukalde elektrikoa zegoen; neguan gela berotzeko baino ez nuen erabiltzen. Haren ondoan harraska bat; gainean, beirazko apal bat, eta apalaren gainean hortzetako eskuila eta kaxa bat Marlboro. Bazter batean, mahai bat eta aulki bat, eta, erdian, metro karratu bat inguru zegoen libre. Ohe azpian egurrezko tiradera bat zegoen; han nituen nire arropa ia guztiak, eta, gainerakoak, aulki gainean.

Disko-jogailu bat neukan, eta, haren azpian, diskoz betetako kutxa batzuk. Lehenengo eta bigarren solairuko bainugela nire gelaren aurrean zegoen. Ur-neurgailu batek 50 penikeko txanponak hartzen zituen. Ordu erdiz itxaron behar genuen ura berotu arte, bai eta adi egon ere, kabroi batek bainua lapurtu ez zezan.

Komun bat zegoen goian eta beste bat kanpoan, baina ordurako inork ez zuen kanpokoa erabiltzen; beraz, auzoko prostitutek hara eramaten zituzten
bezeroak, txortan egiteko. Ahalik eta denbora gutxien ematen nuen gelan. Herrira nindoala, larruazala oraindik bero eta leun neukan bainuagatik.

Beraz, 18:30ean, tabernako ohiko aulkian nengoen eserita. Betiko bezeroak geunden, hamabi inguru ordu horretan, erlaxatuta eta giro atseginean, zortziak jotzean etorriko zen jendetza heldu baino lehen. Barra txikiaren inguruan egoten ginen. Gero, billar mahaietara hurbiltzen ginen. Etxeko araua: irabazten zuenak jarraitu egiten zuen. Gure izenak arbelean idazten genituen, eta, ondoren, txanda itxaroten genuen. Erronkariak jokoa ordaintzen zuen, beraz, ona izanez gero, gau osoa jokoan ematen zenuen.

Gau horretan alimaleko nenbilen. Emakumea billar gelan agertu zen pilota beltza sartu nuenean; zerrendako hurrengo izenak txanponak sartu zituen mahaian. Emakumea bistaz ezagutzen nuen, kale-kantoian zegoen tabernatik –paper margotu erliebedun eta belus gorrizko tapizak zituena– ; igandero gauean joaten ginen. Billar gelan, emakumeak beste itxura bat zeukan, itxura ona, eta niri begira zegoen.

Partida ahalik eta azkarren bukatu nuen, larri galdu gabe, eta harengandik gertu geratu nintzen, zutik.

“Nahi al duzu zerbait hartu?, galdetu zidan.

“Nik eskatuko ditut. Zer nahi duzu?”, erantzun nion.

”Zuk hartzen duzuna”, esan zidan.

Ohiko bezeroa izatearen abantaila zera da: nahiz eta barra gainezka egon, bekain bat altxatu, buruarekin keinua egin, eta botila pare bat Holster Pils garagardo pasatzen dizkizutela besteen buruen gainetik. Tarte batez billar gelan ibili ginen, besteen “barkatu” entzuten, ukondoak eta billar makilak saihesten; azkenean, alde egitea erabaki genuen.

Goizegi zen klubera joateko, beraz kale-kantoian zegoen igande gaueko tabernara joan ginen. Ostiral gauean ere lagun asko zeuden; bikotez eta ikaslez beteta zegoen. Esaten zuten homosexualak joan ohi zirela taberna horretara; ziur aski, horregatik joaten ziren ikasleak, seguru sentitzeko. Nire ametsetako emakumea zen. Pernod eta anderemahats beltzak edan genituen, John Barry eta Ford Cortinas autoz mintzatu ginen –Mark 3 hobesten zuen– eta zein nahiago?: ile-gomina ala Brylcream? Nik Brylcream nahiago nuen. Ados geunden On Her Majesty’s Secret Service zela James Bond-en filmik onena, osotasunean hartuta, George Lazenbyzekin obsesionatu ezean. Silkcuts erretzen zituen, Marlboroak ere gustuko zituen, eta bioi gustatzen zitzaizkigun Old Port zigarro puruak. Klubera joan ginen. Goialdean tipula-pastel frijitu pare bat jan genituen, eta, gero, beheko gela lasaira joan ginen, dantzalekutik gertu.

Goiz ateratzea erabaki genuen; ez litzateke atsegina izango hor egotea itxi arte, argiak pizten zituztenean: ez zinateke han berriro eseriko. Kostata, aterainoko bidea ireki genuen, une ona zen handik irteteko: oraindik zulo beltza zen, beroa, kez beteta, aukeraz josia... Emakumea ibai ondoan bizi zen, herriaren beste aldean. Taxiak hartzeko ilara infernu bat zen, beti bezala. Patata frijituak saltzen zituen gaueko denda zegoen ondoan; patata horiek okerrenak ziren, baina, ordu haietan, beteta zegoen saltokia. Kanpoan, borrokan edo oka egiten ari ziren. Taxian sartu ginen; axola zitzaigun gauza bakarra gu geu ginen.

Haren gelan –nire gela bezalakoa zen, etxea parekoa– konponketa batzuk eginda zituen: 50eko hamarkadako aktore famatuen paper margotua zuen hiru hormatan, David Bowieren afixa handi bat, eta errezel politak; neuk ere erraz eraberri nezakeen nire gela magnolia eta diseinu arruntekoa. Azken batean, horixe zen nire lanbidea. Lanpara batzuk zituen, baita kandela batzuk ere. Benetako txokolatea prestatu zuen; ez zen makinetatik ateratzen den berehalako kaka hori. Pakete bat Fox gaileta zuen, baita Cointreau botilaxo bat ere. Egun ezin hobe baten bukaera. Are hobea zirudien txokolateari, zigarroei eta laranjazko likoreari esker. Mini-gona eskoziarra askatu nion, artilezko galtzerdi beltzak kendu, ezpainak hanketatik gora eraman...

Ze arraio? Zakil gogor eta handi batek jo ninduen
begian!

“Kaka zaharra! Gizonezkoa zara!” Leihotik jauzi
egin nahi nuen, garrasika, mugitu ezinik nengoen...

Emakumezko... Gizonezko...Ez zen itxuraz aldatu. Burukomina neukan, zerbait egin nahi nuen, zerbait
esan...Negar-zotinka heldu zidan... “Agerikoa zen...nola ez duzu asmatu?” eta “Maite zaitut, zure emakumea izan naiteke...”.

Oraindik ere begi ederrak zituen, marroi sakonak, ezpainak txokolatezko eta laranjazko zaporedunak. “Ze arraio!”, esan nuen, “ez naiz inoiz titizalea
izan...”.