• 1
  • 2
hurrengoa
bidaia filosofiko bat    Bidaiaren hasiera puntua memoria da. Jaiotza izan liteke zerotik hasten dugun bidaia bakarra. Mundua bidaiaz egina dago. Ehunka kultura ezberdinek denboran zehar konpartitu duten aurkikuntza, bizirautea, bizitza eta heriotzaren eremua da bidaia.

Bidaia hitzak, pertsonak adina esanahia izan ditzake. Bidaia beraz ez da hitz perfektu bat, ez da guztiontzat adiera bera duen kontzeptua. Habermasek ongi azaltzen du, bidaia prozesu bat dela, besteengandik ikasten duguna barneratzean ematen dena. Zentzu honetan, ikasitako hitz bakoitza bidaia berri bat da eta pertsona bakoitza bidaia potentzial bat.

Batzuentzat, bidaia, norakoa buruan duzun momentutik hasten da. Marinelek ongi dakite. Haize guztiak dira egoki norabidea argi duenarentzat. Beste batzuentzat hain zuzen ere guztiz kontrakoa da. Bidaiatzea, nora zoazen ez jakitea da. Montaigne-k zioen atzerritarrekin kontaktuan ezagutzen duela norberak bere burua. Bordele inguruko filosofoak dioena zalantzak jarri nahi izan gabe, kontrakoa, hau da, norberaren lurraldean atzerritar izatea ez ote den bidaia interesgarriagoa pentsa genezake ere. R.L. Stevenson-ek zioen moduan, atzerria ez da existitzen, bidaiaria da atzerritar bakarra.

Bidaiariak bere izaera eta nortasun osoarekin bidaiatzen du. Bidaiatzen duen bitartean “da”. Eta izate horren barne aurreiritziak daramatza berarekin batera. Éxupery-k honi bidaiariaren ”jantzi ikusiezina” esaten zion.

Bere burua benetan nor den deskubritzen duenean iristen da destinura bidaiaria. Wendell Holmes-k azaldu zuen moduan ideia berri batetara zabaldu den gizakia ez inoiz bere izaera originalera itzuliko. Bidaia guztiek ez dituzte ondorio berdinak. Aurretik aipatu bezala, kultura ezberdinetako gizaki gehienentzat, bidaia ez da aisialdia. Bidaia, giza espeziearen adierazgarrietako bat da. Migrazioa. Deportazioa. Ihesaldia. Hauek ere bidaiak dira. Datozen orrialdeetan ongi ikusiko duzuen moduan, bidaia, estetikoki ia berdina izanik ere, guztiz bizipen antagonikoak izan daiteke.

Ez dago bidaiarik autokritikarik gabe. Eta barne bidaiaren metafora higatuarekin ez da nahikoa. Bidaiatzean, asmoa ez da nahikoa. Cesare Paveseren hitzetan, bidaiatzea basakeria da. Jende ezezagunaz fidatzea eta ezaguna eta eroso zaizkizun lagun eta gauzei muzin egitea eskatzen dizu. Desorekan zaude une oro. Ezer ez da zurea oinarrizkoena ez ezik: airea, deskantsurako orduak, ametsak, itsasoa, zerua.

Bizi ditugun garaiotan, badirudi geldirik geratzea jokoz kanpo geratzea dela eta ez mugitzea frakasoaren sinonimotzat hartzen dugu. Horregatik, bidaiatzea, beharrezko aisialdi modelo bihurtu dugu, nahiz eta askotan gure sare sozialetako argazki bildumak elikatzeaz harago, ez dakigun benetan zerk bultzatzen gaituen bidaiatzera. Bidaia “ni” bilatzeko baino “ni”-tik ihes egiteko egiten dugu.

Nietzschek, Zaratustraren hitzetan jarri zuen: Bizipen horiek ez dute atzera bueltarik. “Ni”-a bilatzeko edo “ni”-tik ihes egiteko bidaiatzen bada ere, ezinezkoa da inora itzultzea. Hasera puntuak ez direlako inoiz geldirik geratzen. Dena mugitzen da, hasiera puntuak, etxea, familia, lagunak, paisaia, memoria, ”ni”-a. Horregatik inork ez du sekula bidaia batetik benetako itzulerarik egin.