hurrengoa
pachuco    pachuco boogie

Pachuco boogie-ak, musika mexikar-amerikarra eta afroamerikar eta afro-karibear doinuak nahasten ditu, beti ere dantza helburu gisa izanik. 30. hamarkadaren amaieran, AEBtan bizi ziren gazte mexikar-amerikarrek mugaren bi alboetan baztertuak sentitzen ziren. Beren eremu kontrakultural propioa sortu zuten. Eta garaiko gizarte borroka hura, musika, dantza eta modaren bitartez bideratu zuten. Swing orkestra eta traje elegante zabalen zale, Pachuco eta pachucas taldeek dantzaguneak bere egin zituzten.

40. hamarkadaren amaieran Don Tosti musikaria Los Angelesera joan zen bizitzera eta swing eta jazz orkestretan trebatu zen. Berehala hasi zen ordea swing, boggie edo eta blues musika amerikar hartan, berak hain gustukoak zituen doinu mexikar eta afro-karibearrak gehitzen. Gainera AEBtako pachucoen hizkeraz kantatzen hasi zen. Konposaketa ugari egin zuen baina Pachuco Boggie izeneko kantuak eman zion arrakasta eta bide batez izena mugimendua musikal berriari ( milioi bat disko saldu zuen lehendabiziko kantu latinoa izan zen).

Musika pachucoaren bigarren zutabea Lalo Guerrero izan zen. Arizonan jaiotako gitarra joleak Ekialdeko kostaldera joan zen. Swing musikari, jump blues eta espainiar rumba eraginak gehitu zizkion. Marihuana Boogie da bere kanturik ezagunena, eta jazz, doo-woop eta rockaren arteko zubia eraiki zuela esan genezake. Pachucoek, rock-aren jarrera eta estetika ere barneratzen joan zirelako 60. hamarkadatik aurrera. Lalo Guerrerok, Don Tostiren moduan, makina bat kantu grabatu zuen. Bi musikari hauek, musika chicano dantzagarriaren oinarriak ezarri zituzten, eta beren arteko lehiak, urteetan elikatu ditu pachuco musika zaleen eztabaida sutsuak. Beren jaioterrian eta beren gurasoen herrialdean arrotz sentitzen zen gazteriari kantatzen zion musika dantzagarriak gainera, hitzetan, gizartearen erradiografia zehatz eta zorrotza egiten zuen. Askorentzat, espainiarrez kantatutako lehendabiziko rapak dira pachuco boggie doinuak.

zoot jantzi istiluak

30 eta 40. hamarkadetako Los Angeleseko langile klaseko mexikar, beltz eta judutarrek modu berezian hasi ziren janzten. Mutilek, jostunek propio eginiko traje hauek sorbalda zabaleko jakak, gerri inguru estua eta txorkatiletan lotzen ziren galtza bonbatxo modukoez osatuak zeuden. Osagarri gisa, hegal zabaleko sonbreirua, erloju kate luzea poltsikoaren kanpo aldetik eta labana poltsikoaren barrukaldean. Ilea gominaz bustita. Neskek, jaka zabalak, sare pantiak, galtzerdi luzeak, gona motzak eta pompadour estiloko orrazkera eramaten zuten.

1942. urtean, guda mundiala zela eta, gobernuak oihala aurrezteko kanpaina hasi zuen. Pachucoek, aginteari aurre egiteko, ahalik eta oihal gehien erabiltzen hasi ziren zoot izeneko beren trajeetan. Eta arrazoi sinple bezain eraginkor honi esker, garaiko politiko eta komunikabideek pachucoen aurkako kanpaina bortitz eta arrazista hasi zuten. Pachukoak Los Angelesen gertatzen zen desgrazia ororen errudun bihurtu ziren. Iskanbila handiko garai hartan, ez mexikar ez amerikar sentitzen zen gazteria hura jomuga erraza izan zen gizarte xenofobo eta patriotiko harentzat. Kaleetan jaurtitako gasolinak 1943. urteko ekainaren 3an eztanda egin zuen. Gau hartan lehertu zen Zoot Suit Riot izenez ezaguna den razzia. Los Angeles-ko gune militarreko marineak pachuco ehizan atera ziren gau hartan. Zoot trajez jantzita ikusi zuten oro jipoitzen hasi ziren. Istiluek luze iraun zuten ( batzuk diotenez gaur eguneraino). Udaletxeak, poliziak eta komunikabideek ordea, errua pachucoei bota zieten. Los Angeleseko pachuco zaharrek diotenez egun hartan Los Angeles betirako aldatu zen. Aberririk eta nortasunik ez zuen gazteria batek, mapetan azaltzen ez den herri baten parte sentitzen hasi ziren. Pachucoak, chicanoak, latinoak, la raza,.. izen ezberdinez ezaguna de nazio bat jaio zen egun hartan...

¿que pues nuez?

Pachuco izena El Paso, Texasen sortu zen. El paso mexikarrentzat Chuco edo Chuco town zen... Etorkinei nora zihoazen galdetzen zietenean hauek Pa´ eta horrela, etorkinak ¨pachuco¨ bihurtu ziren.. Pachukoek hizkera berezia garatu zuten. Jatorri ezberdineko iturrietatik edan zuten. Mexikotik, espainiera eta nahuatl hizkuntzak, AEBtako ingelesa eta harrigarria dirudien arren Espainiako ijitoen caló hizkuntzaren eragin handia izan zuen pachucoen hizkerak. Hainbeste zeinak beren hizkerari caló esaten zioten pachucoek. 1940. urterako oso zabaldua zegoen eta mexikar jatorriko langile klase guztiak hitz egiten zuen caló. Hitz berriak asmatzeko trebetasun handiko gazteria izanik, etengabe garatzen eta aldatzen zen eta den hizkera da. Hona hemen hiztegi labur bat.

aliviense: bizkor
bolillo: zuritxo
borlotear: dantza
bote: kartzela
cabuliar: trufa egin
calcos: zapatak
calmantes montes: lasai
cálmenla: lasai
carnala: arreba, ahizpa
carnal: anaia, lagun mina
chafa: balio gutxikoa
¡chale!: ezta pentsatu ere
chicas patas: txikia, neska gaztea
chingón: / matxoa, ona, gaiztoa
contrólate: kontrolatu zure burua
descuéntate: galdu zaitez
drapes: galtzak
huisa: neska, neska laguna
jefita/jefito: ama, aita, jefea
la jura: legea, polizia
me la rayo: zin dagit
¡nel!: ez indartsua
¡orale!: goazen, mugi
pedo: kitzikagarria
pendejadas: ergelkeria, gaiztakeria
pendejo: ergela
pinché: motel
ponte abusado: espabilatu
que desmadre: desmadrea
que pues, nuez?: zer gertatzen da?
rifa: arauak
ruca: emaztea, neska, neska laguna
simón: bai
suave: ados
tacuche: elegante
tando: sombrerua
¿te curas?: sinetsi al dezakezu
trapos: jantziak
trucha: kontuz, kasu
vato: dude, tipoa
verdolaga: simplea
¡watcha!: kasu
ya estubo: aski da
ya pues: aski da
aguas!: kontuz, arriskua, oihukatua denean