• 1
  • 2
hurrengoa
ahaztutako abesti triste hura myriam garzia   I  txo!? Harkaitz Cano idazlearekin aritu gara hitz egiten XX. mendeko musikaz, atzean utzitako mendea jada, gure memoriaren ur handiegietan ahaztutako abesti triste hura galtzen den bezala. Azken aldian, zure literaturan ez diozu musikari hainbeste erreferentzi egiten, atzean utzitako etapa bat agian?
Nigatik izango balitz gehiagotan agertuko litzake, nire buruari frenoa jartzen diot, agian ere izan liteke azken aldian kontatutako istorioak hainbeste zerikusirik ez dutela. Hala ere, “Neguko Zirkua”-n (Susa, 2005) badaude bi ipuin musikalak. “Camarillo Brillo” azken ipuina Frank Zapparen abesti batean oinarrituta dago, kantu bizizale bat da gainera, itxura denez nahiko autobiografikoa eta ironikoa aldi berean. Bestean “Berlin monogatari” Nick Cave eta Lou Reedi egiten zaie erreferentzi. “Belarraren ahoan” (Alberdania, 2004) ere, jazz musikari beltzak konfinatuta daude naziek hartutako New York horretan, eta derrigortuta daude Wagnerren lanak jotzera.
Ni ere konfinatuta nago musikari hainbeste erreferentzi ez egitera. Garai batean nabarmenagoa zen. “Beluna Jazz”en (Susa, 1996) badago “El ultimo de la fila”ren abesti bat, “Aviones Plateados” oso osorik berridatzita dagoena, euskaraz dago eta horrengatik ez da hain agerikoa, baina gazteleraz errez identifika daiteke. Liburua idazten nengoela ez nuen beste ezer entzuten, azkenean abestia istorioan sartu zen. “Beluna Jazz” lanak ere jazzeko abesti baten egitura bera du, errepikakorra delako. Gustoko dut ihesa hori, askatasun hori jazzean gertatzen dena, literaturari aplikatuta.

Entzuten duzu musika idazten duzun bitartean? Zergatik da hain estua musika eta literaturaren arteko harremana?
Lehen gehiago egiten nuen metodo induktibo bezala. Orain isilik idazten dut. Ni musikari frustratua naiz, eta idazterakoan ere ordenagailuaren teklatua jotzen dut teklatu musikala izango balitz bezala, eta honek ematen didan erritmoa jarraitzen dut. Atsegina dut sentipen hori.
“El perseguidor” Cortazarren ipuinak, Charly Parkerren bizitzan oinarritutakoa, azaltzen du oso ondo zein den musika eta literaturaren arteko harremana, une batez idazlearen eta musikariaren kezkak antzekoak direlako. Tabako hostoak sikatzen nola jartzen diren, bere esentzia eta usaina gogortzen den bezala, abesti edo ipuin batek duen esanahia haratago joan daiteke, bukatu gabeko zerbait izango balitz. Berdin musikan zein literaturan gure memorian fosilizatzen dira abestiak eta ipuinak, gerora beste abesti zein ipuinetan ezagutuko ditugunak.

Egun, musika izan daiteke abangoardia antzeko bat beste arte hizpideren artean?
Izan daiteke bai, denboran daukan bapatekotasunagatik, inmediatoa da. XX. mendean idazle aurrerakoiak antzerkia idazten zuten, bapatekotasun horrengatik, eta antzerkiak publikoarekin duen harreman estuagatik. Kontzertuek daukatena, zuzentasun hori eta publikoarekin sortzen den konplizitatea presente dago.
Adibidez, gauza ederra da ezagutzen ez duzun hiri batera joan eta hango taberna batean gustoko duzun abesti bat entzutea. Etxean sentitzen zara, ezustean lagun bat aurkitzea da. Are gehiago, abesti horren bertsio bat denean. New Yorken gertatu zitzaidan “Summertime” abestiaren Morcheebaren bertsio bat entzun nuen, iritsi eta pare bat astetara. Bakarrik nengoen, baina Gershwin, Morcheeba eta hirurok topo egin genuen taberna horretan. Konpainia onean sentitu nintzen.

Musikak edo literaturak ireki dezakete garai edo aro berri bat?
Gil de Vienak esaten zuen lez, “jada ez gara izan ginena nahiz eta batzuetan abestiren bat gustoko izan”. Beharbada, abestiak urteekin beste zerbaitekin hornitzen ditugu.
Ez dakit garai berri bat ireki dezakeen, agian kondentsatzen du. 60. hamarkadako argazki bat hartzea bezala, hori islatu daiteke kantu batekin. Garai bateko usaina ekar dezakezu bueltan kantu batekin. Tom Waitsek dioenez, kantu batean hiri edo emakume baten izena egon behar du, eguraldiari egin behar dio erreferentzi eta bertako janari edo edaria agertu behar du, abestia aurrera egin ahala gosea sartzen bazaigu. Kantua kasu honetan ipuinarekin lotuko nuke.

Oinarrizko 10 abesti amodiozko
1. Marvin Gayeren “I want you”
2. Miles Davisen “So what?”
3. Jeff Buckleyren “Aleluya”
4. Anariren “Zu gabe esnatu naiz, zurekin egon ostean”(Kutxa Beltza)
5. Bessy Smithen “Empty bed blues”
6. Morphine taldearen “Thrusday”
7. Frank Zapparen “Camarillo brillo”
8. Clam Snideren “I have the unknown”
9. Paul Simonen “Fivety ways to leave your lover” eta honen bertsioa Sidsel Endresen eta Bugge Wesseltoflena, hala nola, Brad Mehldauk “Live in Tokio” diskoan duena.
10. Mark Eitzelen “Queen of no one”