hurrengoa
arvo pärt: minimalismo sakratua    Arvo Pärt musikagileak egun duen arazorik handiena bere musikaren arrakastaren biktima bihurtu izana da. Ziurrenik, gehiengo batentzat ezezaguna da Arvo Pärt. Guretzat ere hala zen, film askoren kredituetan haren izena irakurtzen hasi ginen arte. Informazio zabalagoa sarean duzuenez, bi lerrotan laburtuko dugu: Arvo Pärt Estonia sobietarrean jaio zen musikari bizardun bat da (orain ez bezala, bizarra benetako bizardunek zeramaten garaietako gizona). Horrezaz gain, musika garaikidean minimalismoaren adierazlerik argienetakoa da. Arvo Pärt musika garaikidearen zaleek soilik ezagutzen zuten monje itxurako musikari iheskor eta transzendentala izan zen bere bizitza ia osoan, arik eta, 1998an, Terrence Malick zinema zuzendari iheskor eta transzendentalak haren musika erabili zuen arte Red Thin Line filmean. Hollywood-ek deskubritu egin zuen orduan Arvo Pärt, eta, ohi duen moduan, ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatu da orduz geroztik. Horixe da pertsonaia iheskor eta transzendentalen zale batek esango lukeena. Gure moduko pertsona garratzek esango lukete inor ez dagoela nahi ez duen tokian. Pärt-en oniritzirik gabe, ez legoke haren musika ia 70 filmen kredituetan. Besteak beste: Les invasions barbares, The Good Shepperd, There will be Blood, To the Wonder, This must be the place, The place beyond the pines, La Grande Bellezza,Foxcatcher..

Pärt-en konposaketak pieza konplikatuak dira beren sinpletasun minimalean. Ez du zerikusirik masajistarengana zoazenean jartzen dizun New Age musika horrekin, nahiz eta, entzunaldi arin batean, inpresio hori eman dezakeen. Konpositore estoniarrak iturri askotatik edaten du: musika klasikoa, dodekafonikoa, musika tradizionalak, kantu koral eta gregorianoak, kanpai hotsak... eta hori guztia nabaritu egiten da. Nolabait, aldi
berean doinu antzinekoa eta modernoa duen musika egiten du Arvo Pärt-ek. Haren konposaketetan ez dago betelanik. Ez du soberako notetan sinisten. Nota bakoitzak, musika-une bakoitzak, errepikaezina eta purua behar du izan. Handikeriatik ihesi, pieza laburrak eta iraupen zehatzik gabeko konposaketak egiten ditu, doinu bakoitzari behar duen denbora emanaz, alferrik luzatu gabe. Zentzu horretan, modu espiritualean konposatzen duela esan genezake. Ez litzateke gehiegikeria bat esatea Pärt-en piezak musika berari eskainitako otoiak direla.