hurrengoa
etenik ez duen katea    Sarean katalogoz kanpo dauden liburuen zerrenda horietako batean nabilela, ez dakit zergatik, polonieraz idatzitako iruzkina eta erresoluzio eskaseko liburu baten azala azaldu zaizkit. Liburuaren izenburua baino letra handiagoz idazlearen izena: Adela Legorreta Rivas.

Adela Legorreta Rivas jarri dut bilatzailean. Eta azaldu dena ez nuen espero.

1979. urteko apirilak 29. Eguerdiko 14.00ak. Avenida Chapultepec. Mexiko DF. Adela Legorreta Rivas kazetari eta idazle ezaguna ile apaindegitik atera berri da. Ahizparen etxerako bidean doa. Oinez. Harekin joango da ordu pare baten barruan duten bere azken liburuaren aurkezpenera. Espaloian dago. Semaforoa berde jarri zain...
bertan zegoen gizona

Eta bat batean, bi autoek elkar jotzen dute. Eta kontrolik gabeko karanbola horretan, heriotzak gidatzen duen Datsun zuriak, Adela Legorreta Rivas semaforoaren kontra lehertzen du. Enrique Metidines, 1979. urteko apirilaren 29an, eguerdiko 14.00tan avenida Chapultepec-en zegoen. Kamara eskuetan. Eta ondoren gertatutako guztia berak ateratako argazkiak kontatzen digu. Gurutze gorriko gizona, manta eskuetan, idazlearen gorputza estaltzeko prest. Urrutiago peatoi kuriosoen begiradak. Datsun zuriaren ezker alde zartatua. Eta Adela Legorreta Rivas, heriotzarekin zuen zitarako makilatuta eta pitxiak jantzita. ̈Argazki hau ederra da... makilaje guzti horrekin ez dirudi hilik dagoenik ̈ Enrique Metidines-en hitzak dira. Ez dago gordintasunik bere hitzetan. Bost hamarkadetan zehar Mexikoko kaleetan lanean ibili den profesional baten hizkera da. Heriotza lankide izatearen ondorioak. Bilatzailean sartu dut haren izena. Enrique Metidines. Dozenaka argazki. Ia guztietan, zorigaitza, istripuak, heriotza. Saiaren moduan, odola isuri aurretik, hura usaintzen du argazkilari mexikarrak. Baina bilatzaileak eskaintzen didan irudi bilduman, lekuz kanpo dagoen irudi batek harrapatu du nire begirada. Ezberdina dirudi. Klikatu dut. Begiradak ez nau oraindik traizionatzen. Irudiak beste sinadura bat du.

aingeruen sexua emea da

Graciela Iturbidek sinatzen du argazkia. Gurutzea eta txoriak. Heriotza eta bizitza. Zuria eta beltza. Halako da Mexiko. Muturrekoa. Grisa, zuriz edo beltzez mozorrotzen den herrialdea. Eta aingeruena. Aingeru ikusezinena. Aingeruak erretratatzen ditu Graciela Iturbidek. Emakume zanpatu bezain harroak. Iguanak buruan dituen emakumearen modukoak. Iguanak buruan eta begirada oso urrun. Iraganean edo etorkizunean. Graciela Iturbide, Adela Legorretaren moduan abizen euskalduna duena, - saihestezina zaigu euskaldunoi halako detaileetan ez fijatzea-Mexikoko argazkilari entzutetsuenetakoa da. Mexikoko nazio indigenen erretratuak egin izan ditu urteetan. Bidaia argazkiak dira bere obraren beste adar nagusiak. Baina beti ere begirada oso pertsonalaz. Bere argazkien poetikak hiru ardatz ditu. Sinpletasuna, sakontasuna eta sinbolismoa. Eta guztien gainean argazkilariak bere laborategian zintzilikatua duen papertxoan idatzita dagoena: ̈denbora...beti dago denbora ̈.