hurrengoa
kontraespazioa deiene   I  deiene Deieneren lana diseinuaren bidez esperimentatzean datza. Izan ere, narratibaren gaitasunean sinisten duen istoriak axola du, testuinguru ezberdinetan eratutako istoriak, guk geuk sortzen ditugun istoriak alegia.

Existitzen denak eraldatuta izan behar du; existitzen ez denak erabilera mugagabeak dauzka. Lana espazioen okupazioan oinarritzen da. Espazioa aitzakia gisa erabiltzearen bidez ikusleari, elkarri eragitea eta probokatzea xede du. Barne diseinuak hainbat konnotazio ditu bere baitan, baina horiek eraldatzen hasteko garaia dela uste du Deienek, estetika egiteko bide anitz baitaude eta ikerketa horretan murgildua dago diseinatzailea.

Gaur egun, egilearen praktikaren esentzia espazioen esperimentazioan datza; lekuan lekuko testuingurua ardatz nagusi hartuta, espazioa erabiltzen duten gizarte-eragileekin elkarlanean sortzen ditu bere proiektuak. Bere lana ez da soilik emaitz batera mugatzen, prozesuari ematen baitio garrantzi gehien. Prozesu hori delako elkarlana indartu edo ahulduko duena. “Contraespacio” problematika baten aurrean emandako erantzuna da; prostituzioan aritzen diren pertsonek espazio baten beharra baitute, pertsona bezala garatu eta bizi diren komunitatean jendarteratu ahal izateko. Kasu honetan, helburu nagusiena, diseinuak jarduera kolektiboan izan dezakeen boterea aztertzea da. Proiektua Bilboko San Frantzisko auzoan kokatuta dago, bertako gabezi ekonomiko, sozial, kultural eta urbanistikoek bultzatu dute espazio horren eraldaketa.

“Contraespacio” behar horretatik jaio da, eta hiru espazio paralelo eskaintzen ditu proiektuak: publikoa, inpuroa eta pribatua, betiere, ideiak elkarbanatu eta eztabaidatzeko asmoz. Espazio bakoitzak ezaugarri propioak dauzka, baina guztiek ideiak trukatzera gonbidatzen dute. Behar horiei, proiektuaren bidezko erantzun bat eman zaie, azal bat sortuz, prostituten inguruan dagoen pertzepzioaren metafora eginez. Ikuspegi ezberdinek pertzepzio ezberdinak sortzen dituzte, baina ikuspegi horiek guztiak kanpokoak baldin badira, ez dugu inoiz jakingo zer gertatzen den barruan. Kanpotik azalak lausoa izan behar du, eta barruan egonez gero, azala desagertu beharko da. Horrela, espazio gizatiarra sortu da, dagoen hezurdura zein egitura errespetatzen, berarekin lehiatu beharrean. “Contraespacio” terminoa Henri Lefevre hirigilearen espazioen politikaren ikuspuntutik hartu da. Bere esanetan, espazioa gatazka eta helburu politikoen iturburua da, espazioen aldeko borroka, hain zuzen; ekoizpen soziala non baloreak etengabe kontrajartzen diren, froga, gatazka eta kontsentsuaren bidez.
Espazioa iruditegiaren arrazionalizazioa da, iruditegi hori gauzatu ahal izateko edozein gizakik espazioaren eraikuntzarako eskubidea baitu.

Prostituzioa beti poliziarentzat zein eragile sozialentzat topikoa izan baldin bada, zergatik inoiz ez diseinatzaileentzat?