hurrengoa
pirata eta das kapital d.sastre   Euskal piratak, gehien maite dugun estereotipoetako bat, zalantzarik gabe. Bizimodu ideala. Edo. Izan ere, pirateriaren umetzeak odola eta lapurretak ezkutatzen ditu. Itsaslapur izena ez da doakoa. Eta lapur, batzuetan, txiki geratzen da haiek egindakoak azaltzeko. Jean Lafitte da, esate baterako, euskal kostaldeak eman duen piratarik handienetako bat (handiena beti izango da Salgarik asmatutako Michele euskalduna, noski).

Ilustrazioaren aroan jaio zen, eta, XIX. mendeko iraultza munduan zehar barreiatu nola, hala zabaldu ziren Lafitteren ekintzak Ameriketako itsasoan. Esklabismoaren aurkako legediak indartzeak esklabuen prezioa igotzea ekarri zuen. Esklaboak lapurtzea, beraz, negozio ona zen. Eta horretan murgildu zen Lafitte. Era berean, gertutik ezagutu zituen Ameriketako independentzia eta Mexiko eta Estatu Batuetako
estatuen antolaketak. Izan ere, hark sortutako “Baratariako Erresuma” piratan egoitza hartuta, New Orleanseko bataila irabazi zuen Jacksonentzat, espainolei lapurtutako kanoiak angloen aurka erabiliz; mexikarren aurka espioi aritu zen, espainolen alde; Galveston hiria sortu zuen anaia Pierresekin batera...

1822. urtean hil omen zen, espainolen aurkako borrokan; edo 1826an, urakan batek irentsita; edo ez. Eta, ezkutuan egon ondoren, Europara itzuli omen zen, Marx-en Das Kapital lana ezagutzeko eta, Barataria gogoan zuela, horren argitaratzea finantzatzeko garaiz.