guia de aves. europako txori gida
killian mullarney, lars svensson, dan zetterstrom, peter j. grant. ediciones omega
Txorien gida zehatz eta zaindu hau da lerro hauen idazleak azken aldian erosi duen libururik ederrena. Informazio ugari, zuzen eta irakur erraza. Txorien izenak hizkuntza ugaritan (Euskara barne). Merezi duten txori gidek, argazkiak izan beharrean ilustrazioak dituzte. Marrazkiak askoz garbiagoak dira txoriak identifikatzerako orduan. Mullarney eta Zetterstrom marrazkilarien lana alor horretan ez du ordainik. Eta gidaren tamaina txikiak erosotasun guztiak ematen ditu gainean eraman ahal izateko. Baten batek esango luke garestia dela. Niri merke-merkea dela iruditzen zait.
diario de golondrina
amelie nothcomb
Nothcomb andereak, lehendabizikoz idatzi du gizonezko baten azaletik (zergatik jarri dute idazlearen aurpegia azalean?). Marketing-a edo erabiltzen dituen kapelen tamainako banitatearen ondorioa? Berdin dio. Egin dugu liburu aipamen honek behar zuen betelana. Nobela gisa saldu zaiguna, Radioheaden musika maite duen hiltzaile baten inguruko ipuin luze bat da. Donostia-Paris hegazkinean irakurri daiteke aise. Eta bere laburrean ederra bada ere, idazle mediatikoek ere neurtzen jakin beharko lukete zer eta zein modutan kaleratzen duten euren lana.
antzararen bidea
jokin muñoz. alberdania
Zeresan ugari eta blog-eroen artean eztabaida interesgarriak sortu dituen liburua. 2008. urteko Kritikaren Saria ere jaso du. Pertsonaiek daramate nobela honetan pisurik astunena. Irakurtzen hasi eta protagonistak bizi duen egoera zein gertukoa zaigun jabetzen gara. Eta egoera horrek, irakurleon bizitzan ere zein pisu astuna duen hausnartzeko baliagarria zaigu.
fábulas
bill willingham, lan medina. norma editorial
Hiru liburuz osatutako komiki honen ardatza ipuin tradizionaletako pertsonaiak dira. Irudika ezazue Orwell-en abereen etxolara H.C. Andersenen pertsonaiak bisitan joan direla, eta bat batean denboraren makinan sartu eta XXI. mendeko New Yorken azaltzen direla: Otso beldurgarria polizia inspektorea da, Txanogorritxu kartzelatik ihes egin duen dama arriskutsua, etxolako txerriak gizakien aurkako iraultza prestatzen ari dira. 2003. urtean, komiki honek, 2 Will Eisner sari jaso zituen.