audioa arkaitz villar
hurrengoa

A Gran Bilbao Tribute to THE VELVET UNDRGROUND & NICO

Le Brutal Records 2008

Ezin disko hau gomendatu Alvaro Brutus musikaria eta batez ere musika zaleak azkeneko urteetan burututako lana txalotu gabe. Disko originalak berrogei urte bete behar zituela aitzaki hartuta omenaldi hau egitea bururatu zitzaion. Talde andana bildu du horretarako: Le Noise “Sunday Morning”, Audicen + Eten “The Black Angel´s Death Song “ , Capsula “Run Run Run” edo Eorann “All Tomorrow Parties” besteak beste. “Venus in FM (Venus In Furs)” grabatzeko Xabier Erkizia eta Rober! Atom Rhumbako Álvaro eta Iñigo (cabezadefuego) eta Aidarekin (Lisabö oiha) elkartu ziren. Handia!

hurrengoa

Hotsak dantzan

Dantza Baltza 2008

Asko dira gurean ezkutuan lan egiten duten musikari eta ekoizleak. Horietakoa da Jimmy Bidaurreta: Gasteizko Big Bandaren zuzendaria, Ortophonkeko musikaria azken urteetan eta Makala bezalakoen alboan aritu izan dena. Oraingoan Gaztelupeko Hotsak zigiluaren katalogoan barneratu eta hainbat kantu moldatzea egokitu zaio. Bere ekarpena dotorea izan da eta doinu latino zein elektronikoekin nahastu ditu beste batzuen artean Tapia eta Leturia, Morau, Petti, Sextysexers edo Kokein.

hurrengoa

Le noise

El Camino a Casa·Noiz Pop 2008

Urte askotako lanaren ordaina eskuratu zuen talde honek joan den urtean Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketako sari nagusia irabazi zuenean. Asko aldatu da taldea urteetan zehar eta bere ibilbide luzean hasieratik erakutsitako zinemaren eraginaren bidetik “El Camino a Casa” kaleratu dute, azkenaldian kaleratu den disko interesgarrienetako bat. Nick Cave, Calexico edo Sonic Youth bezalakoen eragina duten kantu handiak bildu dituzte diskoan. Heldutasunarekin asko irabazi duen taldea.

hurrengoa

Cat Power

Jukebox·Matador 2008

“The Covers Records” diskoan erakutsi zigun Chan Marshall-ek bertsioak egiteko duen doaia. “The Greatest” estudioko bere azken lanean entzulegoaren onarpena eskuratu zuen. Orain Dirty Delta Blues Bandaren laguntzaz eta bere ahots hauskorrarekin Nick Cave “Breathless”, Hank Williams “Ramblin´ (Wo)man”, Bob Dylan “I Belive In You” edo aurretik idatzitako “Metal Heart”-en bertsioak erakusten dizkigu. Gure "monoa" lasaitzeko dosi ederra.

hurrengoa

Sorkun & Vicepresidentes

Pias 2008

Alboratu egin du Sorkunek “Duna” diskoan erakusten zuen Morphine bezalako taldeen eragina. Lehen diskoko doinu gordinetara itzuli da. Seriotasuna irabazi du bere lan berrian eta AEBn grabatu izanak Alfredo Hernandez (Kyuss, QOTSA) bezalako musikarien kolaborazioak izaten lagundu dio. Diskoak nabarmentzen duen beste gauza bat letrak idazterakoan erakusten duen eboluzioa da. Doinu hipnotikoetatik gordintasunera egiten dute bidaia abesti berriok.

hurrengoa

Anari

Bidehuts 2008

2007ko Martxoaren 31an Bilboko Kafe Antzokian eskainitako kontzertuko bost kantu datoz Anariren lan berrian. Bidehutsen “Zuzenekoak” ekimenaren baitan argitaratua, Zebra diskoaren aurkezpen birako emanaldian entzun zitekeena biltzen da bertan. Bere kantuez gain, Dut-en “Haize Eza” kantuaren bertsioa ere sartu du. Ohiko musikariek lagunduta, zuzenekoaren indarra erakusten du Anarik. Kantu berriak entzuteko itxaronaldia baretzeko opari aparta.