hurrengoa
hazi bonbak uxeta labrit   I  txuma vázquez Pat Moritaren itxura du, baina Peter-Pan sindromeak jota dauden nerabe-itxurako gizonak karatean entrenatu ordez, nekazaritza munduan iraultza xume baten protagonista da Masanobu Fukuoka. "Lasto izpi iraultza" liburuaren egilea da eta bertan azaltzen diren hainbat teknikek nekazaritza mundutik haratago zabaldu dira. Horien artean ezagunena: hazi bonba. Masanobu Fukuoka 1913. urtean jaio zen, Japoniako Iyo hirian. Mendeetan zehar nekazaritzan aritutako familia batetako seme, lur zientzia ikasketak egin zituen. Ikasketak amaitu bezain pronto hasi zen agronomia modernoaren onurekin kritikoa izaten. Zientzilari lana utzi eta bere familiaren baserrira itzuli zen beste nekazaritza mota batekin esperimentuak egitera.
Wu Wei edo "ez egitearen" filosofian ardazten dira bere teknika guztiak. Naturaren obserbazioan sustraitzen den nekazaritza honen oinarriak hauek lirateke: lurra ez goldatzea, ongarri artifizialik ez erabiltzea, belar gaiztorik ez da kentzen belar gaiztorik existitzen ez delako, intsektuen aurkako produkturik ez erabiltzea, ez kimatzea eta ereiteko hazi bolatxoak (nendo dango) erabiltzea. Hazi bolatxoen teknika sinplea bezain eraginkorra da. Haziak buztin bolatxoetan biltzen dira,-babesa eta hezetasuna helburu- eta soroetara botatzen dira. Teknika honekin, naturak kondiziorik aproposenak eskaintzen dituenean hazten hasten dira haziak. Bere baserrian lortu zituen emaitzak ikusgarriak izan ziren eta bizilagun ugarik bere sistema erabiltzen hasi zen. Nekazaritza molde honekin lortu duen arroz aleak adibidez, normalaren tamaina bikoitza du. Japoniako gobernuak patentea erosi nahi izan dio. Fukuokak ez du saldu.
Fukuokaren irakasketak ez dira nekazaritzan soilik erabili. Hazi bolatxoen teknika desertizazioari aurre egiteko ere arrakastaz erabili izan da Afrikako hainbat eskualdetan. Bestetik, Japonian hasi baina egun mendebaldeko hainbat hirietara zabaldu den lorategi gerrilla (garden-guerrilla) mugimendu ezberdinek Fukuokaren hazibonbaren teknika erabiltzen hasi dira. Hazi-bolatxoak hiriko bazter ezberdinetara bota (porlan, altzairu eta harrizko eraikuntza ezberdinetara adibidez) eta uste baino denbora gutxiagoan bolatxo hauek, zirrikitu eta arrakala ezberdinetan babesturik, hiriko bazterrik hurbilgaitzena ere berdez margotuko dute.