audioa arkaitz villar
hurrengoa

Munlet

Clínica De Ruidos·Transpop 2007

Mendaroko bikoteak, bere ibilbidean sortutako kantuen moldaketak eta abesti berriak bildu ditu lan honetan. NCC taldeko Arturo gitarjolearen laguntza izan dute kantu batzuetan eta inolako handinahirik gabe urteko diskoa bilakatu dute “Clínica De Ruidos” Elektro-punkaren eskaintza freskoa, iluna eta dantzagarria da hau, zuzeneko indartsu batek babestua. “Monstruo Bicefalo” edo “Entre Sombras” kantuek 2008rako ezinbesteko zita bilakatu dituzte Munleten kontzertuak.

hurrengoa

Radiohead

In Rainbows·XL Recordings 2008

Talde honek argitaratzen duen disko bakoitza ezohiko gertakari bilakatzen da. Oraingoa, are eta handiagoa izan da: EMI diskoetxearekin kontratua apurtu eta diskoa interneten eskegi ostean, jendeak ezarritako prezioan banatu dute. Nolanahi ere, lan berriak azkenekoen ildotik jarraitzen du: ezinezko denborak, jazz eta elektronikaren eragina eta etorkizunera begira dauden piezak. Urte berriarekin batera cd zein binilo formatuan eros daiteke XL Recordings diskoetxeari esker. Urtea ondo hasteko aukera aparta.

hurrengoa

Maumousse

46:03·Psilocybina diskoak 2007

Dj Mau-k sortutako proiektuaren jarraipena da Maumousse. Estudioko bigarren diskoa da honakoa, eta hip-hopa, popa eta elektronika, euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesarekin nahasten dituzte. Kantuak formatu akustikoan gauzatzeak dotorezia ematen die, eta aurreko diskoarekin alderatuz asko hazi dira. Hondarribia-Irun inguruko hainbat bidaia lagun izan dituzte, eta Bad Sound System, Pinbol edo K¸m taldeetako kideak aurkitu ditzakegu hainbat kantuetan.

hurrengoa

Surfin Kaos

Tryphyllon·Gaztelupeko Hotsak 2007

Rocka, sexua eta drogarik ez da falta punk-rock talde honen hirugarren diskoan. Lan freskoa da, eta abiadurak utzitako lekua esperientziak bete du. Luxuzko kolaborazioak izan dituzte alboan: Fermin Muguruza, Fernando Sapo, etb., eta honek beraien festa partikularra handitzen lagundu die. Hala ere, Surfin Kaos aspalditik da euskal punk-rockaren ezinbesteko erreferentzia. Eguneroko bizitzan aurkitutako zailtasunei abesten diete eta ez dira mozten errealitate gordin hori islatzerakoan. Psikodeliak ere tokia duen lan honekin, inoiz baino indartsuago dator Surfin Kaos.

hurrengoa

Joseba Irazoki & Belardian

Pobre Gara·Hirusta Records 2007

70. hamarkadako rockaren eraginarekin eta elektrizitatearen babesean, pop-rock kantuez osatutako lan berria dakar Joseba Irazokik. Belardian taldea alboan duela, Sarrionandia, Bitoriano Gandiaga edo Mikel Tabernaren letrei musika jarri die disko berrian. Hitz joko eta egiturekin jolastuz, energia transmititzen duen diskoa dugu. Taldekideez gain, besteak beste, Iban Urizar, Arkaitz Miner eta Maite Arroitajauregik lagundu diote kantuak apaintzen. Azken hamarkadan ezinbesteko erreferentzia bilakatu da Joseba.

hurrengoa

Dj Amable

Razzmatazz 07·Sinnamon Records 2007

Bartzelonako dantzaleku pijoena izanda ere, Razzmatazzeko musika eskaintza zabala eta interesgarria da oso. Hiriko programaziorik sendoena daukan aretoa da. Elektronikatik pop eta rock doinuetara doazen kantuak entzun daitezke bertan, eta horren arduradun Amable dj-a da. Berak aukeratzen ditu gauetan entzun daitezkeen abestiak, eta urtean zehar jartzen duena, bilduma honetan erakusten digu. Bi diskok osatzen duten bilduma hau, baina bigarrenak darama sari nagusia: alai eta dantzagarriena izateaz gain, bertan daude talderik interesagarrienak.