hurrengoa
jonas mekas: egunero zinea delako uxeta labrit eta jonas mekas   I  jonas mekas Jonas Mekas 1922an jaio zen Semeniskiai herrian, Lituanian. 1944. urtean naziek preso hartu zuten. Alemaniara eraman eta 8 hilabetez lanean izan zuten fabrika batean. Guda ostean Mainz-ko unibertsitatean filosofia ikasketak egin eta ikasketak amaitutakoan New Yorkera abiatu zen bizitzera. Iritsi eta 2 asteetara 16mmtako Bolex kamara bat eskuratu eta orduz geroztik bere bizitza pelikula bihurtu zuen. Zeluloidean gordetzen hasi zen bere egunerokotasunean gertatzen ziren gertakizunak. Lan honekin batera, zinemaren alderdi teorikoan sakontzen hasi eta AEBtako “avant garde” mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. Berak sortuak dira adibidez Film-Makers' Cooperative(FMC) eta The Filmmakers' Cinematheque. Literaturaz hitz egiterakoan nobela, poesia edo eta ipuinekin pentsatzen dugun moduan, zineaz mintzatzerakoan luzemetraia, dokumental edo laburmetraia etortzen zaizkigu burura. Idaztea, aipatutakoetatik haratago doan moduan, zinea ere ez da mugatzen formatu “komertzialetara”. Zinema hizkuntza bat da. Eta edozein hizkuntza mugatzen hasten garen momentutik honen desagerpenerako lehen pausoa eman dugu. Jonas Mekasek bizitza filmatzen du. Fikziorik asmatu gabe edo eta mezuren bat zabaltzeko dokumenturik gorde nahi izan gabe. Bizitza erregistratzen du. Modu subjektiboan. Memoria oro delako subjektiboa. Mekasek ordea ez ditu gordetzen bizitzako une berezi eta gorde beharreko horiek. Ez, hain zuzen bizitzako une garrantzitsuen artean gertatzen diren bizi esperientzia arrunt eta nimiñoak jasotzen ditu kameraz. Bere zinea definitzeko galdetu ziotenean zera erantzun zuen behin:
“Udakezna berriro iritsiko da, hostoak eroriko dira eta ni bertan izango naiz nire kamerarekin”. Gisa honetako filmak, orain arte museotan eta zine zaleen bilguneetan soilik ikus genitzakeen. Zinemagile zahar honek ordea berehala ekin zion bere filmak sarean zintzilikatzeari. Bere proiekzio gela birtualera hurbiltzen denak bere lanaz gain, zine abangoardistaren klasiko zaharrak edota Jim Jarmusch bezalako gonbidatuen ekarpenak ikusteko aukera izango du. Hausnartzeko kontua da. Zinemagintza industriaren esanetara makurtu eta ongi izate gizarte honetan eroso bizi den garai hauetan, zinemagile gazteek arrakasta eta takila kontuetaz soilik arduratzen diren egunotan, bideo kameraz armaturiko 86 urteko zahar batek eusten dio, modurik erradikalenean zinemaren izaera askeari.

itzal baten moduan
(testua: jonas mekas)

Erbestean, jaioterritik urrun egoteagatik gauza asko galdu izan dudanaren sentsazioa dut, nire aberria, nire familia, hamar urteetan idatzitako diarioa eta horregatik ziurrenik, inguruan nuen guztia nire Bolex kameraz filmatzeko beharra izan dut. Obsesio bihurtu zen, pasio bat, gaixotasun bat. Orain irudi hauei eusten diet. Iruditzen zait guztia hau erridikulua dela gainera, daukadan guztia honez gero hasi delako zimeltzen eta ulertzen ez dudan benetako errealitatearen itzal bat besterik ez da. Nik bizi izan dudana bizi izan duzunean, gerrak, okupazioa, genozidioa, derrigorrezko lan eremuak, errefuxiatu esparruak, eta loratzen ari zen patata zelai batean etzanda egotea -ez dut sekula ahaztuko lore-uskuen zuritasuna- aurpegia lurraren kontra, leihotik salto egin ostean, pistola bizkarrean jarrita soldadu alemaniarrek nire aita paretaren kontra eusten zuten bitartean. Gizadia ez dut ulertzen orduz geroztik eta filmatu besterik ez dut egiten, ikusten dudan guztia grabatu, epairik egin gabe. Ez ikusten dudan “guztia”. Iruditzen zaizkidan momentu labur horiek. Eta zer dira momentu horiek? Zerk bultzatzen nau momentu horiek aukeratzea? Ez dakit. Nire memoria da ziurrenik momentu horiek aukeratzea bultzatzen nauena.
Zergatik filmatu dut guzti hau? Ez dut egiazko erantzunik. Uste dut oso lotsatia naizelako dela. Nire kamerak nire inguruan gertatzen zen bizitza hartzen utzi dit.
Azken finean, ez dut uste nire film itxura diarioek besteez edo ikusitako gauzez hitz egiten dutenik .Guztia niri buruz da, nire buruarekin ditudan elkarrizketen emaitza.