hurrengoa
deadliest catch    Deadliest Catch 2005. urtean Discovery Channel-en emititzen hasi ziren reality-a da. Formatu honek, ordea, ez du zerikusi handirik orain arte telebistan ikustera ohituta gauden reality-ekin. Dokumental itxurako telesaio honetan, iparraldeko itsasoetan karramarro arrantzan ibiltzen diren barkuen arteko lehia erakusten zaigu.
Saioan ikusi ahal izan direnak ez dira txantxetan hartzeko modukoak. Datu bat: Bering itsasoko arrantza sasoian, arrantzale bat hiltzen da astero. Kareletik erortzen den orok segundo gutxitan galtzen du bizia eta arrantza mota honetan erabiltzen den tresneria pisutsuak ere urtero eramaten ditu berarekin behatz, esku, beso eta hanka tributuak. Saioan parte hartzen duten barkuetako arrantzaleetatik dozena batek behintzat ez du sekula portua berriro ikusiko. Barkuan doazen telebista saioko langileen artean ere urtero izaten da zaurituren bat. Horretaz gain, “Deadliest Catch” filmatzeko erabiltzen diren kamerek, ura, izotza, herdoila eta istripuak direla eta, ez dute sasoi bat baino gehiago irauten.
Saioak, arrantzaleen egunerokotasunaz gain, badu ikuslegoa harrapatzeko beste elementu nagusi bat: barkuen arteko lehia. Saioan, barkuetako kapitainek karramarro-bankuak topatzeko duten trebezia erakusteaz aparte, beste barkuak despistatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak ere azaltzen zaizkigu. Dirutza izugarria mugitzen duen arrantza mota izanik, eta metalezko kaiolak karramarroz gainezka ateratzeko aukera gutxi izaten denez, barkuen arteko lehia izugarria izaten da. Karramarro merkatuaren gorabeherak, arrantza kuotak, eta gisa honetako gaiak ere azaltzen dira saioan zehar, ogibide arriskutsu honen ertz guztiak ezagutu ditzagun. Discovery Channel-ek ekoiztu duen reality honek merezi du. Reality-aren formulari itzuli bat eman eta dozena bat anormal etxe batean modu artifizialean bildu beharrean, egunero elkarbizitza berezi horri aurre egiten dion jende multzo batengana jo eta haien berri ematen digute. Modu eder eta entretenigarrian. Aukera baduzue behintzat, saioari hasiera ematen dion Bon Joviren ¨Wanted Dead or Alive¨ entzun, pantaila aurrean eseri eta ondorengo 40 minutuak iparraldeko itsaso izoztuetan pasatzeko aukerarik ez galdu.