hurrengoa
ordu erdia 51an maria odolbatu   I  galder izagirre (Brasov-Errumania-Romania)
Kanpora egiten dugu so barnera salbu gaudelakoan. Baina kanpoa geure baitan dago. Kanpoa gurekin dator eta bizi da. Gurekin geure baitako Errepublika Independiente eta bakartian non zoriona Galbidean dagoen espeziea den.
Bada toki bat ezerezaren erdian. Txoriek ihes egiten dioten toki bat.

Pertsonak isilpean gerturatzen ikusten dituen toki bat.

Geure poz eta miseriak ezkutatzen dituen bihotz korazatuen zabortegi bat.

Geure baitako Errepublika Independiente eta Bakartia.

Hemendik askok eta askok euren zama soinean dutela ihes egiten dute. 51 eta mila bider bide bera eginez. Aurrera ihesean.

Hona asko eta askok hurbiltzen dira bere zama arrastaka dutela. 51 eta mila bider bide bera desibiliaz. Atzerako ihesean.

Geure baitako Errepublika Independiente eta Bakartian ez da mugarik esistitzen, jendearen memoriako mapetatik ezabatuak izan ziren.

Horrexegatik ametsak libre dabiltza hegan nork harrapatu edo askatuko zain.

Eta bere biztanleek horrexegatik dute bihotza borobildua, sentimenduek norabidez aldatu ahal izan dezaten.

Beti jiran, jiran, jiran. Jiran etengabe...

Gosea bizitzaz betez eta bizitza ametsez.

Bitartean kanpoaldetik isiltasuna isilean da zelatan.

Isiltasuna inguruan dabilkigu.

Baina ez gara bakarrik, geure buruekin gaude.

Geure baitako Errepublika Independiente eta Bakartian denbora ez da esistitzen. Orain dela ordu erdi eten zen.

Batzuek xerka daude baina ez du ezertarako balio.

Barrura so egiteak soilik balio du.

Eta ez atzera begiratzeak.

Zoriona ezerezaren erdian dagoen toki bat da.

Toki txiki bat nora txori eta pertsonak heltzen diren.

Toki txiki bat nondik txori eta pertsonek ihes egiten duten.