audio arkaitz villar
hurrengoa

Groove Armada

Soundboy Rock·Columbia

Iritzi ezberdinak sortu dituen diskoa. Hamabost abesti berri biltzen ditu eta edizio mugatu batean bi nahasketa gehitu dituzte. Bizi dugun garaian horrelako diskoa argitaratzea apustu handia da, batez ere diskoak osorik entzuteko ohitura galtzear dagoelako. Horregatik, kontraste handiak dituen lana argitaratzea arriskutsua da. Horrek ez du esan nahi kantu borobilik sortu ez dutenik: “Get down” adibidez dantzalekua sutan jartzeko aproposa da.

hurrengoa

Lethal Bizzle

Back To Biznezz·V2 / Nuevos Medios

Lethal B polemikoa “Against All Odzt” diskoarekin izandako arrakasta konfirmatzera dator lan berriarekin. Hainbat komunikabideren zentsura ezagutu ostean eta David Cameron politikari kontserbadorearekin izandako arazoei aurre eginez, kaleko aurpegirik gordinera erakustera dator. Pete Doherty edo The Rakes bezalakoen laguntza izan du estudioan eta zuzenekoetan. “Babilon´s Burning The Guetto” edo “Look what you done” kantuek erakusten dute zein handia den Lethal B.

hurrengoa

Bobby Kray

Tales From a Skinny White Boy·V2 / Nuevos Medios

Jamaikara begira dagoen musikari honen bizitza Bristol-eko disko denda batetan aldatu zen. Dennis Bovell reggae abeslari ezagunarekin topo egin eta honek bere “Silly Games” abestia grabatzera gonbidatu zuen Paul Epworth ekoizlearen laguntzarekin (The Streets, Bloc Party, Goldfrapp...). Hortik hasi eta bere sound system-etan Lily Allen, Neneh Cherry edo Daddy G (Massive Attack) bezalakoekin abestera igarota, bere lehen diskoa dugu hau, The Dub Band musikarien laguntzarekin grabatu duena.

hurrengoa

The Black Seeds

Into The Dojo·Sonar Kollektiv

98an sortutako talde jendetsu honek joan den urtean argitaratu zuen orain heltzen zaigun disko hau. Zelanda Berritarrak badira ere Alemaniako Sonar Kollektiv diskoetxea arduratu da diskoa gure artean argitaratzeaz. Hamar urteko ibilbidea ospatzen dihardu diskoetxeak eta laster gauza bera egingo du taldeak. Askotan gertatzen den moduan, jaioterrian ezagunak izan arren, gure artera ez da iristen euren proposamena. Hirugarren estudioko lan hau aurkezpen ezin hobea da gure artean.

hurrengoa

Tuomo

My Thing·Jupiter records

Quintessence taldeko abeslari dugun Tuomo bakarkako lehen diskoarekin dator. Finlandian kokatzen dugun musikari eta ekoizle honek atzera begira jarri gaitu lan honekin: 70. hamarkadako ekoizpenen soinua berreskuratzen du eta Marvin Gaye, Steve Wonder edo Curtis Mayfield bezalakoen soinua erabili du horretarako. Konposaketa, ekoizpen eta konponketa paregabeak erakusten dituen lana da,musika beltza gustoko duenarentzat ezinbestekoa.

hurrengoa

Tim Amstrong

A Poets Life·Hellcat/Pias

Operation Ivy eta Rancid taldeetan ezagutu genuen Tim Amstrong. Abiadura handiko ska–punk–hardcore doinuak jorratu zituen orduan. Bakarkako lehen diskoan, kaleko poeta baten moduan, ska-reggae klasikoaren doinuetan babesten da. Bere abesti berrietan berotasuna nabari dugu, konposatzaile handia dela erakusten digu eta beste behin bere ahots hauskor horrekin disko borobila gauzatu du. Abiadura alde batera utzita heldutasuna nagusitu da lan berrian.