hurrengoa
vin mariani, bizitzaren txispa    Ange-Francois Mariani Korsikan jaio zen 1838. urtean. Haur koxkorra zela aita hil eta Parisera bidali zuten bertako familiarekin bizitzera. Kimika ikasketak egin zituen eta epe labur batez laborategi batetan laguntzaile gisa egin zuen lan. Ez zuen laborategi hartan jarraitu, 1863. urtean aberats bihurtu zuen produktua ekoizten hasi zelako. Kimikari kortsikarrak koka izeneko landarearen berri izan zuenean zera idatzi zuen "Kokak, esaten den guztia lortu badu Perun, Parisen ere hala egingo du. Zorte apur batekin etxeko lorategian landatu ahal izango ditut koka landareak". Bere Parisko etxean landatutako koka landareak ez ziren behar bezala hazi, baina hegoamerikatik tonaka koka landare orri inportatzen hasi zen eta Bordeleko ardoarekin nahastu ostean Vin Mariani izenez bataiatu zuen ardoa egiten hasi zen. Berehala bihurtu zen famatua bere edari pizgarria. Zera zioen garaiko publizitateak: "Bizitza berria eta kemena. Ardo sendagarri eta estimulantea, indarberritu, freskatu eta bizitzeko gogoa berpizten du. Neke fisiko edo mentalak gainditzeko ez dago Vin Marianiren parekorik, berehalako efektu mesedegarri iraunkorrak. Baieztapen hau 7000 medikutik gorak sinatutako dokumentuetan eta 30 urteetan ospitale, instituzio publiko eta erlijiosoetan egindako frogetan oinarritzen da".

León XIII aita santuak, bere irudiaren erabilpena egiteko baimena eta urrezko domina eman zizkion Ange- Francois Marianiri, berak asmatutako edariak erretiro aszetikoetan indarra ematen ziolako. Leon XIII ez zen izan kontsumitzaile ezagun bakarra. beste, Émile Zola, Paul Verlaine, Sigmund Freud, José Martí, Jules Verne, Thomas A. Edison, Alexandre Dumas, Lumière anaiak, Henrik Ibsen, Sarah Bernhardt, Robert L. Stevenson, Galesko printzea, Victoria Erregina, Alejandro II Zar-a, Alfonso XIII, Pertsiako Sha, eta abar luze batek Vin Marianiren "efektu pizgarrira" engantxatu eta bezero bihurtu ziren.
Marianik, alkoholik gabeko edariak, pilulak eta infusio ezberdinak garatu zituen. Kimikari kortsikarra hil zen urte berean ( 1914) debekatu zuten bere koka ardoa, lehen gerra mundialaren hastapenetan, kokaina kloridratoaren adikzio efektuak aztertzen hasi zirenean ( eta akaso, ilegalizazioari esker negozioak etekin handiagoak eman zitzakeela jabetu zirenean).
Hala ere produktu miragarri honen ibilbidea ez zen eten. Argentina, Egipto Indotxina, Kanada eta Amerikako Estatu Batuetan ireki baitzituen egoitzak Vin Mariani enpresak. Eta egun ere Vin Mariani formulak bizirik dirau. 1988an, Bolibiako Cochabamba hiriko kooperatiba batek koka ardoa ekoizteari ekin zion "¨kirolari eta kantarientzat aproposa" leloarekin.