hurrengoa
kanadiar bat ekialde urrunean    Guy Delislek animazio estudio askotan lan egin du azken 15 urteetan. Horri esker, animazio munduaren garapena bertatik bertara ezagutzeaz gain, bidaiatzeko aukera asko izan du Frantzian bizi den kanadiarrak. Bidaiak baino, egonaldiak egin ditu Delislek, eta egonaldi horietako bi aukeratu ditu, lan txundigarri hauek osatzeko. Shenzhen izeneko liburu gorrian, izen bereko Txinako hirian emandako garaia kontatzen digu. Mendebaldeko kultura eta modelo ekonomikoaren lilurak kutsatutako hiri bat erakusten digu. Paradoxikoki, mendebaldeko hirien modeloa jarraiki bizi nahi duen hirian, atzerritarrak dira ezerosoen sentitzen direnak. Pyongyang liburu urdinean Ipar Korea da protagonista. Shenzhen baino borobilagoa (herrialdeak ere aukera gehiago ematen duelako agian) lurralde ilun eta surrealista horretan ikusi eta ikasitakoak erakusten dizkigu Delislek, ironia beltzez batzuetan, samurtasun goibelez besteetan, baina modu dibertigarrian beti. Ipar Koreara joan gabe Ipar Korea ezagutzeko tresnarik aproposena da Pyongyang.

Liburu autobiografiko hauek Joe Sacco-ren lanen bidetik doaz, baina AEBtako ezkertiar zintzoaren kontzientzia sozialaren kiratsik gabe. Delislek ez du salaketarik egiten. Txina eta Ipar Koreako gizarteak aztertzerako orduan ez doa bere esperientzia propiotik haratago. Eta ez du behar. Herrialdeen kontraesanak erakusten dizkigu bere kontraesan propioak erakusten dizkigun modu berean eta horrek gertukotasuna ez ezik sinesgarritasuna ere ematen dio narrazioari. Animatzailea izanik, bere bizipen hauek komiki formatuan azaldu izanak koherentzia ematen dio kontakizunari. Testuak izan zitezkeen, edo ikusentzunezkoak, baina ziur gaude ez luketela bi komiki liburu hauek duten indarra izango. Bere marrazkiak sinpleak eta espresiboak dira, animatzaile batek soilik lor dezakeen trebeziaz landuak; eta bere burua irudikatzen duen pertsonaiaren hausnarketak lekuz kanpo sentitzen den atzerritar batenak dira, herriminik ez duen kanadiar batek soilik lor dezakeen zuhurtziaz eginak.