hurrengoa
the gondrymat angel aldarondo   I  angel aldarondo Azkenean norbaitek erantzun dio jarri nuen iragarkiari. "Bai, logela oraindik libre dago, etorri arratsaldean ikustera" esaten dit Simone ren ahots goxoak telefonoaren beste aldetik. Badirudi zortekoa izango naizela azkenean, baina hemen, NY-n ez dago fidatzerik. Are gutxiago pisu bat topatzerako orduan. "L-train"-a hartu eta Williamsburg "cool"-enaren epizentrura noa, garai batean poloniarren auzoa zena eta egun abangoardiako artistek inbaditu duten Brooklyn-ko zulora. “Artistillez” inguratuta egotea interesgarria izan daiteke, agian zerbait itsatsiko zait. Lokatzean dabilen ikus-entzunezko sortzailea naiz eta katarsi bat behar dut.
Zonalde horretan bizitzea aukeratu eta NY harrigarri honek kasualitate kosmiko bat zuen niretzat gordea. North 7th Street eta Bedford-ek bat egiten duten hertzean Michel Gondryrekin topo egin nuen. Azaldu beharra daukat, frantsesito hau dela bizirik dagoen azken genioa niretzat. Inbidia diot, inbidia insanoa (bestelakorik existitzen al da?), eta sentimendu horrek, Salierik Mozart-en obrarekin egin zuen modu berean, bere lan guztiak nireganatzea bultzatzen nau sarri. Plagioa ezgaien azken aterpea da. Eta nire aterpea Williamsburgen zegoen.
Nire bizitzan lehen aldiz izan nuen pertsona famatu bat asaltatu eta nire txapa botatzeko gogoa. Baina ez nuen egin. Ausardia baino beste arrazoi batek geldi arazi ninduen: nire ingeles maila eskasak. Auzoan gora eta behera ibili nintzen harekin berriro topo egiteko asmoz. Ezer ez. Itxaropena galdua nuenen ordea, bat batean bere aurpegi serioa ikusi nuen etxe azpiko "londry" poloniarreko Wascomat garbigailuan suabizantea botatzen zebilela. Gondry bezalako arrakastazko gizon batek garbigailua ez izateak ezinegona sortzen dit. Berarekin hitz egiteko momentua zen. Euskal Herrian ez nuke sekula horrelakorik egingo. Baino, zer esan? Nire burua aurkeztu behar al diot? Miresmen hitzez aspertu behar al dut? Bere arroparen dantza biribilari begira geratzen naiz. Hiru alkandora, jertse bat, bi galtza, marrazkirik gabeko hiru edo lau kamiseta. "Tomate"-ko kazetari baten moduan sentitzen naiz. Gondry-ren galtzontzilo guztiak zuriak dira.
Bapatean nire ondoan laburmetrai bat filmatzen ari direla ohartu naiz, eta berriro ere extra baten moduan sentitzen naiz fikziosko dekoratu hiri honetan. Gondry-rekin zer hitz egin ez dudala jabetzen naiz. Bitan izan naiz honez gero bere buru barnean, lehenik “Eternal Sunshine of the Spotless Mind” filman eta “The Science of Dreams” pelikulan beranduago. Berak ere begirada galdua du bere arroparen dantza biribilean. Zer ariko da pentsatzen? Nik, bere arropa lapurtu eta bere izaera bahituaz fikziozko "Being Michel Gondry" batetan irudikatzen dut nire burua. Baina hobeto pentsatu eta norbaiti inbidia izatekotan ongi aukeratu dudala uste dut. Bere burua serio hartzen ez duen genio bat, bere ideietaz harritzen dena, Matrix-en erabilitako “bullet-motion” teknika asmatu zuena, kartoizko brikolajeak efektu aurreratuenekin konbinatzen dituena, lan komertzialetan eta bere lan pertsonaletan pasio berdina jartzen duena... orain, Youtuben ikusgai dauden bideo domestiko majarak egiten dabil: Rubik kuboa oinekin nola egin eta abar luze bat. Bestetik, “Be Kind Rewind” izeneko beste harribitxi baten filmaketa amaitzen dabil eta "Tokio" izeneko triptikoko atal bat ekoizten. Eta nik, bitartean, nire arropa jaso eta aldatu egin dela jabetzen naiz. Arropa guztia txikiagotu da.