kaos perfektuan labaintzen    Batzuetan, milioika elementuk, elkarrekin lotu eta antolatzeko gaitasuna adierazten dute. Eta batzuetan, kaos matematiko hori, gurekin komunikatzeko gaitasuna izatera iristen da. Hodeien, sugarren edo olatuen kasua da, adibidez. Lantzean behin ordea, kaos matematiko perfektu hori, dimentsio izugarria izatera iristen da. Horrelakoetan, ezinegonak harrapatzen gaitu, gure izaera hauskorraz jabetzen gara eta gu baino gehiago den naturarekin hipnotizatuta geratzen, izoztuta.

Bada, hala ere, kaos perfektuaren aurrean, geldirik egon ezin denik. Itsasoa, harrotu eta lehorreko piztiak garela gogora ekartzen digun egun horietan, gizaki jakin batzuk, olatu erraldoietan bizi diren itsas lamien kantuak entzun eta itsasoratu egiten dira. Eta uste edo iragartzen zaigunaren kontra, olatu handietan behera lerratzen diren surflariek ez dute olatua menperatu nahi izaten. Olatu handien surflariak, kaos matematiko perfektu horren mikroelementu bat gehiago izateko desioz itsasoratzen dira. Uhinean barneraturik igarotzen duten instant errepikaezin horretan, olatuaren perfekzioaren parte bihurtzea baino garaipen handiagorik ez baitago.

Olatuan geroz eta txikiago, orduan eta handiago. Pizti bereziak dira olatu handietako surflariak.

Mundaka, Punta Galea, MeƱakoz, Deba, Roka Puta... hamaika dira olatu handiak surfeatzeko guneak gurean. Azken urteotan ordea, handiak ez ezik kristorenak ere gobernatzen hasi dira gure surflariak. Euskal Herria, munduko olatu erraldoien mapan sartu da. Belharra izan zen lehena. Belharran labaindu zen nazioarteko surflari talde hartan zegoen Peio Lizarazu. Ostean, Ibon Amatriain eta Mikel Agotek Playa Grisen hartutako olatu erraldoiak etorri ziren. Munduan antolatzen diren olatu handienen sariketa garrantzitsuenetara izendatuak izan ziren horregatik. Eta aurten ere lortu dute Billabong XXL sarietarako izendapena, olatu erraldoi berri bati esker: Agiti.