hurrengoa
bilaketa: OTEIZA MUSEOA    Oteiza euskal kulturaren John Ford da. (Judas Arrieta) Oteiza Museoa Altzuza herrian da, Iruñetik 9 kilometrora, Oteizak bizitzeko eta lan egiteko aukeratu zuen eremuan. Bertan, plaka tektonikoen talkaren ondorioz azaleratutako harkaitz gorria balitz bezala, sendo ageri da lurretik zerura Oteiza Museoa. Eraikina, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoaren lana da. Oteizaren lagun eta laguntzaile izandakoa. Inor baino hobeto jabetu zen, museoa artistaren obra gordetzeko baino, artista beraren izaera erakusteko eraiki behar zela. Eta ideia honi jarraiki konturatzen gara Museoaren ertz eta txoko bakoitza asmo horri loturik dagoela eraikita. Horren lekuko, Oteizaren Altzuzako etxea: eraikinean barneraturik dago, museoko zati bilakatuta.

Oteiza euskal kulturaren John Ford gisa definitzerakoan, ez gara begi bistako analogia estetikoa egiten ari. Oteizak, Ford-ek bezala, sustraira, ardatzera, iritsi nahi izaten du, Platonek aipatzen zituen oinarrizko pasioetara. Eta bilaketa horren emaitza da Oteizak hain berea zuen energia mugagabearen iturria. Hori da hain zuzen Oteizaren obraren adierazgarrietako bat. Oteizak prozesuari eta prozesuan ikasitakoari ematen zion garrantzia. Horren lekuko bere klarionak eta beste hamaika zirriborro eta lan. Obra, amaituta dagoenean, emaitza besterik ez zen, ez zen helburua bere baitan, prozesuaren emaitza baizik.

"Arteak ez du ezer eraldatzen, ez du mundua aldatzen, ez du errealitatea aldatzen. Artistak, bere hizkuntza eraldatu eta garatzen duen bitartean,benetan eraldatzen duena bere burua da. Eta arteak eraldatutako gizon hori da, bizitzatik errealitatea eraldatu dezakeena. Artistak bere hizkuntza indibidualki garatzen du, baina helburu sozial batekin".

Oteiza Museoa, izpiritu honi jarraiki, ez da helburu bat bere baitan. Ez da obraren erakustoki soila. Museoa, Oteizaren obraren emaitza da. Artistak sortutako hizkuntza eta bilaketaren gunea gizarteari irekia.

John Ford-en The Searcher's mitikoan bezala, cowboy bakartiak, etxeko itzaletik argira atera eta aurrean duen hustutako paisaiari begira "bilatu eta aurkituko dut... bilatu eta aurkituko dut..." esaten dio bere buruari...

paper laborategia
abenduaren 14etik 2007ko martxoaren 25era

Oteiza Museoan antolatu den erakusketa berri honetan, Oteizak bakardadean landu eta sekula erakutsi ez zituen proiektuak jarri dira ikusgai. Artistaren marrazki sorta zabalarekin osatutako erakusketa honek, Oteizaren lanaren prozesua aztertu eta erakusteko saiakera interesgarria da. Bere ibilbide artistiko osoan zehar izan zuen marrazkiak egiteko ohitura. Gehienak zirriborroak dira, presaka eginiko bozetuak, inspirazio eta sormen instanteen emaitzak, eta hauei esker, artistaren pentsamendu estetikoa irudikatu eta osatzen saiatu gintezke.