hurrengoa
Cronenberg, haragi berria    Asko eta sakon idatzi da zuzendari kanadarraren inguruan. Eta idatzitakoari jaramon eginez gero, egungo zuzendari interesgarrienetako baten aurrean gaudela konturatu beharko ginateke. Askorentzat ordea, bigarren mailako sortzailea da, asko jota beldurrezko filmen arloan aintzat hartu beharreko norbait baino ez. Cronenbergen "bekatua" hain zuzen, bere ikuspegi berezia eta zine komertziala uztartzea izan da. Alkanfor usaineko zine zaleentzat ez da zuzendari serioa. Zine komertzialaren zaleentzat sortzaile alternatibo bat besterik ez da.

Zuzendari gutxik dute euren filmografian halako koherentziarik. Cronenbergen obra osoak, zentzu edo ardatz definitu bat du. Film filosofia oso baten sortzailea da: Haragi berria. Giza gorputzak eta makinek bat egiten duten eremu hori behin eta berriro aztertu du. Cronenbergek gorputza eta makinen arteko lotura fisikoa islatzen du kultura post-industrialak sortu duen gizartean, non multinazionalek bultzatutako goi teknologia eta makinek gizakiaren alderdi animaliarekin bat egiten dute, non drogek eta balizko errealitateek pertzepzio espazio berriak sortzen dituzte, non zoriona eta biolentzia "corpus" berean azalarazten dira... eremu horretan kokatzen dira Cronenbergen istorio deserosoak.

Cronenberg 1945. urtean jaio zen, Toronton. Aitak narrazio beltzak idazten zituen True Detective izeneko aldizkari batentzat. Gaztetan hasi zen idazten, baina berehala zaletasun hori baztertu eta zientziak ikasteari ekin zion. Entomologiak zoratu zuen orduan. Unibertsitatean ordea zientzia ikasketak espero baino aspergarriagoak suertatu zitzaizkion eta ikasketak bazterrean idatzi zituen. Garai horretan, literatura ingelesa ikasteari ekin zion eta idazten hasi zen berriro. Berak onartzen duen moduan, ez da sekula zinema zale amorratua izan. Baina zinemak istorioak kontatzeko aukera eskaintzen zion. David Secteren Winter kept us warm filma ikusi zuenean zineak istorioak kontatzeko eskaintzen zituen aukera anitzez jabetu eta frogatzea erabaki zuen. Frogatzen darrai eta bidean film berezi ugari utzi digu.

Azaroak 7-8 Cronenberg mintegia Artelekun.

FILMAK:
1. Scanners (1981)
2. Videodrome (1983)
3. The dead Zone ( 1983)
4. The Fly ( 1986)
5. Friday the 13th (1987)
6. Dead Ringers (1988)
7. Naked Lunch (1991)
8. M. Butterfly (1993)
9. Crash (1996)
10. ExistenZ (1999)
11. Camera ( 2000)
12. Spider (2002)
13. A history of Violence (2005)

Egun, bi filmen proiektuarekin ari da lanean, "Eastern Promises" eta "Maps to the Stars" izenekoak. Aurten, Donostiako Beldurrezko Asteak, merezitako saila eskaintzen dio egile honen obrari.