hurrengoa
Iturri agortezinaren esperoan odlok   2 film labur (Protozoa 1993, Supermarket Sweep 1991) eta bi film luze (Pi 1998 eta Requiem for a Dream 2000) soilik estreinatu izan arren Darren Aronofsky honezkero kultuko zinegile bihurtu da. Batzuen ustetan Kubrick-en oinordekoa da. Beste batzuentzat arazo psikologikoak dituen beste zinemagile "independiente" estatubatuarra.
Hala ere ukaezina da bere lanek zeresan ugari eman dutela.
Pi, 16 mm-tan filmatu zuen aurrekontu eskaseko filma da. Pi zenbakiak gordetzen duen esanahia argitu nahian dabilen gizonaren istorioa kontatzen du. Irudimen eta narrazio lan izugarri honek Sundance-n sari nagusia lortu zuen. Requiem for a Dream filman drogak, adiskidetasuna eta bizitzea batzuetan zein mina den modu gordin bezain ederrean erakutsi zigun.

Eta orain, bere azken lanaren zain gaude. The Fountain izeneko filma duela 7 urte jarri zen martxan. Maite duen emakumea salbatzeko, mila urtez borrokan diharduen gizonaren istorioa kontatzen digu bertan. Warner Brosekin filmatu behar zuen 80 milioi dolarreko ekoizpen honetan aktore nagusiak Brad Pitt eta Cate Blanchet ziren, baina filmaketa hasi baino astebete lehenago Brad Pitt gidoiaren hainbat pasarteekin gustora ez zegoela esan eta ez zuela filma egingo erabaki zuen. Proiektua bertan behera geratu zen. Baina handik pare bat urteetara, Aronofskyk, sufritzen duen buruko min kronikoak lo egiten uzten ez zion gau horietako batean, filma hala edo nola egingo zuela erabaki zuen. Pi 60.000 dolarrekin filmatzeko kapaza izan bazen, The Fountain ere filmatuko zuela erabaki zuen.

Hugh Jackman eta Raquel Weiszekin (bere bikotea denez ez zitzaion gehiegi kostatuko konbentzitzea) hitz egin eta Warner Brosekoei proposamen berri bat egin zien. 30 milioira jaitsi zen aurrekontua eta orduz geroztik 4 urte igaro dira, eta ezer gutxi jakin izan da filmaren inguruan. Baina duela gutxi irudi batzuk ikusi ditugu eta filma amaitua dagoela baieztatu da. Noiz ikusiko dugun? Inork ez du erantzunik... Darren Aronofskyren film bat da... eta itxarotea mereziko duelakoan... zain gaude.