hurrengoa
fisahara 06 - saharako nazioarteko 3. zine jaialdia lorea bidegain   I  lorea bidegain zinema basamortuko izarpean
Hammada. Basamortuko basamortua deritzote leku horri. Eduardo Galeanok dio bertan harriak besterik ez direla hazten. Eta harriekin batera sahararren errefuxiatu eremuetako buztinezko etxola eta dendak. 200.000 lagun goiti bizi dira Tindufetik gertu dauden lau akanpalekuetan. Ozta-ozta oinarrizko beharrak betetzeko adina. Besterik ez. Eta hori, nazioarteko elkartasunari esker. Eta jada badira 30 urte bertan direla, euren jaioterritik at. Itzultzeko zain. Itxaropenarekin.
Badira hiru urte Aste Santuaren atarian Saharako Nazioarteko Zinemaldia ospatzen dela. Urtero akanpaleku ezberdin batean. Lehiaketarik gabeko zinemaldia. Eta zinemaldiak bezainbeste garrantzi daukate jarduera gehigarriek. Haur zein gazteei zuzenduriko atelierrak, zeintzuk zinemaldi egunetatik at jarraipena daukate. Eta bideotekak. Zinemaldia amaitu ostean, akanpalekuan filmak ikusten segitzea ahalbideratzen dute. Saria bera, bitxia da: gamelu bat.
Gonbidatu guztiak, zuzendariak, aktoreak, kazetariak, taldeka banatzen dira. Hau errefuxiatu eremu bat da eta ez dago hotelik, beraz talde bakoitzak jaima batean lo egiten du familia saharar batekin. Famliako emakumearen izena ikasi beharra dago. Akanpalekuak kasik berdinak diren jaima eta buztinezko etxolaz osatuta daude eta labirinto horretan galtzea, erraza baino, litekeena da. Familiako amaren izena da akanpalekuan barna galtzerakoan eman beharreko erreferentzia gure jaima aurkitzen lagun gaitzaten. Haurrek gustu handiz laguntzen zaituzte beti behar den lekuraino.
Bertako familia batekin bizitzea gauza handia da. Oso jende abegitsua da, duten guttia konpartitzen dute, behar handiko egoeran bizi badira ere. Haurrek ikaragarri laguntzen dute elkarren arteko komunikazioan. Askok eta askok egonaldiak egiten izan dituzte udan gure artean, eta gaztelera menperatzen dute. Gutxi batzuek euskara pixka bat ere bai.
Akanpalekuetako eguneroko bizimodua lasaia da. Bero hiltzaileak ere ez du laguntzen. Ingurua basamortua da. Edo hobe esanda, basamortuak inguratzen ditu. Ez dago nora edo zertara joaterik. Azpiegiturak ez dituzte behar bezala garatzen, ez baitute bertan gelditzeko asmorik. Esperoan bizi den herri bat da. Euren jatorrizko herrialdera itzultzeko esperoan.