• 1
  • 2
hurrengoa
anime 06 txo!?   Maiatzean bueltan izango da japoniar animazio zinema Iruñean. Jada laugarren urtez ospatuko da ANIME, animazio zine japoniarraren inguruko festibala, maiatzeko 11,12,13 eta 18,19,20 egunetan, Civican zentroan.

The baldeko irakurleek, honezkero ongi jakinen dute seguruenik zer den animea. Japoniarrek animazio zineari ematen dioten izena da eta euren zigilua bihurtu da mundu osoan. Manga hitzarekin gertatu bezala, (manga hitzak komikia esan nahi du japonieraz) aspaldian komiki japoniar oro eta bere estiloa duen edozein komiki aipatzeko erabiltzen da.

Animeak jarraitzaile nahikotxo du honezkero Euskal Herrian. Belaunaldi berrienak zuzenean ezagutzen dute animea, baina gainerakoentzako kultura ezberdin batetik etorritako animazioa eta zine ezberdin bat da. Mendebaldean, animazioak umeentzako izatearen estigma jasan du betidanik, beste aurreiritzien artean, eta horrek beti oztopo handia suposatu du ikuslegoa animera hurbiltzeko. Hain zuzen ere, eta beste arrazoiren artean, aurreiritzi horien gainetik jendea animera hurbiltzeko sortu zen ANIME mostra, Blanca Oria eta Juan Zapater antolatzaileen esanetan.

Anime zaleentzako ere ez dago aukera gehiegirik telebista eta zinemetan. Telebistan ezer gutxi topa dezakegu, ez bada ordaindu beharreko kate bat edo bitan. Zinematara etorri diren pelikula gutxiak astebete edo bi baino ez dute iraun, Chihiroren bidaia edo halako gertakizun baten kasua aparte utzita. Hau dela eta zaleek bideoklub gutxi batzuetara jo behar dute eta, gehien bat, internetera. Ondorioz, halako mostrak anime pelikulak pantaila handian ikusteko parada ezin hobea dira, ia bakarrak. Bi asmo biltzen ditu ANIME mostrak, batetik zaletuei zer ikusi ematea eta bestetik oraindik ezagutzen ez dutenentzako leiho bat irekitzea, horretarako sarrera thebalde izatea oso lagungarria delarik.

Jaialdia antolatu den hiru urteetan mostrak pelikula klasiko, berri eta estreinuen arteko oreka nahiko ongi mantendu du urtero. Horrekin lotuta obra autoreka biltzen saiatzen dira ere, horrela, autore horren pelikula berri bat ekartzean aurreko filmak ere ikusgai jarri ohi dituzte, haren lanaren ikuspegi zabal bat eskainiz. CANek eragindako murrizketengatik ordea, aurten ez dira beste edizioetan ospatu diren hitzaldi, tailer eta karaoke jardunaldiak.

Aurten ere ekoizpen zahar eta berriak ikusi ahal izango ditugu. Oraingoan Mamoru Oshii autoreari eskainiko diote zikloa, eta halaxe Lamu eta Ghost in the Shell klasikoetaz gain Innocence ikusi ahal izango dugu, Ghost in the Shell-ren sekuela ezin hobea delarik. Konfirmatu gabe dituzte Akiraren sortzailea den Katsuhiro Otomoren Steam Boy (duela gutxi zinemetan izan arren oso egun gutxi izan genuena ikusgai eta Akiraren pasearekin osatuko litzatekeena) eta Miyazaki maisuaren azkeneko lana den "Gaztelu ibiltaria". Seriei dagokionez Samurai Champloo, Samurai 7, Last Exile eta Captain Harlock klasikoak izanen ditugu ikusgai besteak beste.

Aurten ere ekarrera interesgarria eta askoentzako kuriosoa: estatu espainiarrean egindako anime pelikula. Hasieran aipatu bezala, anime hitza japonen egiten den animazioa izendatzeko erabiltzen den arren, jada estilo jakin bateko pelikulak etiketatzeko balio du. Izan ere japoniarrek marrazki eta narrazio era berezia dute eta horiei jarraiki egiten diren pelikulak ere animetzat hartu ditzakegu. Aurreko urteren batean pelikula korearren bat izan genuen estreinekoz ANIMEn eta aurten Bartzelonan egindako bati tokatzen zaio. Guztiz konfirmatuta ez dagoen arren pelikulaz gain pelikula ekoizteko erabilitako marrazki, storyboard eta zirriborroetaz osatutako erakusketa ekartzea da antolatzaileen intentzioa, eta guzti horretaz mintzatzeko Gizakuren zuzendaria.

Gainera, zinemaz gain eta animea sortu zuen kultura gehiago ezagutu eta ulertzeko mostra beste hainbat gauzetaz osatzen da; manga komikiak salgai, japoniar ezpata, aikido eta dantza erakustaldiak eta etorriko diren pelikulen aurkezpenak. Mereziko duelakoan, bertan emanen ditugu egun horiek, dudarik gabe.