hurrengoa
begira, ama, frenorik gabe!    Duela 50 urte surf-ak, eta duela 25 skate kulturak, kale eta bizimodu iraultza bat ekarri zuten; horien jarraitzailea da fixed kultura. Uderground zigilua daraman gauza orok arrisku bat du gaur egun, modan jartzea eta masa kontsumo produktua bihurtzea. Guri fixed bizikleten kulturaz gustatzen zaiguna zera da: ez direla hippy ekologikoak, ez eta sostenibilitatearen bandera daramaten zinegotzi progresistak; ez dira bizikleta holandarrak osagarri gisa darabilten neskatxa pijoak. Ez. Mugimendu honek, hori guztia gainditu eta bizikleta garraio bide gisa erabiltzeaz gain, gune urbanoetan mugitzeko anarkia aldarrikatzen dute. Trafiko legeak eta arauak haustea, eta bizikletaz nahi den tokitik eta nahi den eratara joatea da haien filosofia. Guztia, gainera, modu zirikatzaile eta umoretsuaz egiten dute. Horren lekuko, Hells Angel’s-en estetika eta parafernalia kopiatzen dituen Black Label bizikleta banda. Egun, fixed bizikleta mugimendua ez dago mezulariz osatua soilik. Jende ugari eta ezberdina hurbildu zaio. New Yorketik abiatu eta mundura zabaldu da; dagoeneko Ingalaterran eta Holandan indartzen hasia da. Motibazio ekologistak, anarkikoak, estetikoak... berdin dio. Zentzu horretan, mugimendu guztiz askea da. Elkartu eta hiria ulertzeko modu berezia eta bereiztua aldarrikatzen du, liderrik gabe, araurik gabe, betebeharrik gabe...

Fixed bizikleta kultura New Yorkeko kaleetan jaio zen, bizikletan igota mezulari lanak egiten zituzten gazteek beren eguneroko lan tresna eta garraiobidea zena moldatzen eta “tuneatzen” hasi zirenean. Fixed bizikletek, belodromoetan erabiltzen diren bizikletak hartzen dituzte oinarri. Ez dute frenurik manilarrean. Pedalei atzeruntz eginda frenatzen da. Eta hortik aurrera, bakoitzak nahi duen moduan osatzen du bere bizikleta. Ahalik eta bizikleta garbiena eta sinpleena lortzean datza sekretua. Itxuraz sinplea, baina osagaietan oso bizikleta bereziak dira. Pistako eta kaleko izaera nahasten dituzten bizikleta hauek oso garestiak izan daitezke, pieza bakoitza neurrira eta adierazgarri bereziekin egiten bada. Baina guri, egia esan, 10.000 dolarreko balioa izan dezaketen “bizikleta” horiek bost axola zaizkigu. Azken finean, bizikleta horiek erosteko aukera dutenak, ez dira normalki kalean bizikletan ibiltzen diren gazteak. Guri bereziki interesatzen zaiguna fixed kultura bultzatu duen anarkia eta desobedientzia aldarria da. Izan ere, fixed bizikleta kultura honen inguruan ere badago polemikarik, hainbat gauzarekin gertatzen den moduan. Zein puntutara arte da “egiazko” kultura bat? “Tendentzia” aldizkarietako eduki soila al da?

Uste denaren aurka, fixed kultura oso erroturik dago New Yorken. XIX. mendearen amaieran, Madison Square Garden sortu zenean, belodromo bat eraiki zen bertan, eta, hamarkadetan zehar, belodromoan antolatzen ziren lasterketek arrakasta handia izan zuten hirian. 1930eko depresioarekin belodromoa itxi behar izan zen, jendeak ez zuelako apostu egiten. Geroz eta auto gehiago zegoen kaleetan, bizikletek euren lekua topatu zuten. Askotan azkarragoa zen bi gurpilen gainean ibiltzea auto handi haietan baino. Bizikleta gaineko mezulari konpainiak jaio ziren. 80eko hamarkadan, ordea, zinearen eta komunikabideen eraginez, bi gurpil gaineko mezulariak tribu urbanoen sailkapenean sartu ziren.