• 1
  • 2
hurrengoa
maskota arkitektura    Gure maskota ohikoenak (etxea ilez betetzen duten katuak, marmelada miazkatzea maite duten txakurtxoak,...), ezezagunak zaizkigun arrazoiengatik, gure etxeko eremu bat aukeratu eta hura bihurtzen dute euren txoko kuttuna.
Hain justu kontzeptu horri erreparatuta egin zuten Tokioko Bowwow arkitektura estudiokoek Tokioko eraikin handien artean eta garraiobide azpiegituretan tartekaturik topatzen diren eraikuntza txikien inguruko ikerketa. Maskoten bizitokiek izaten duten ezaugarriak izaten dituzte eraikin hauek. Eskala handiagoa duen eremu batean, hutsik eta erabilgarritasunik gabe geratzen diren txokoak baliatzeko gaitasuna erakusten dute. Mota eta jarduera ezberdin ugari biltzen dira "maskota eraikinetan": triangelu estruktura eta 4 bezeroentzako tokia besterik ez duen kafea. Bi trenbideen artean eraiki den 200 metroko luzera eta 3 metroko zabalera duen bulego eraikina, giltzak kopiatzeko atelier ñimiñoa, metro karratu eskaseko aterki denda, otoi egiteko jostailuzkoa dirudien tenplua...
Hasiera batean espazioaren neurri murritza da soilik maskota arkitektura definitzen duena. Baina eraikin hauek bisitatu ostean, maskotaren kontzeptua haratago doala konturatzen gara. Eraikin hauek, Tokio bezalako hiri batean, benetan dira gune bereziak. Hiri handiek duten kutsu hotz, azkar eta gogorraren aldean, espazio txiki, bero, xarmant eta umorez gainezka egiten dutenak maskota eraikin direlako hauek.
Esan bezala, maskota eraikin guztiak definiturik gabeko espazioetan eraikitzen dira. Eraikin handien artean geratzen diren hutsuneetan, trenbidea eta errepidearen artean dagoen belardi estuan, urbanismo modernoak uzten duen edozein ertz edo koska izan daiteke baliagarria "maskota eraikuntza" hauetako bat sortzeko. Tokioko garapen azkar, kaotiko eta neurrigabeak gisa honetako espazio ugari sortzen ditu. Espazio huts hauei erreparatu eta maskota eraikuntzaren kontzeptua barneratu duzunean zure buruak, eraikinei baino, eraikin arteko espazioei erreparatzeko joera kontrolaezina izango du. Eta joera hori edozein hiritan jarri daiteke praktikan. Bihur zaitez zure hiriko maskota eta topatu ezazu zure espazio kuttun hori ingurura begiratzen duzunean.

PET ARCHITECTURE GUIDE BOOK
by Tokyo Institute of Technology Tsukamoto Lab
& Atelier Bow-wow
Published by WORLD PHOTO PRESS (2001)
www.bow-wow.jp