hurrengoa
nouvelle manga    Ezaguna da japoniarrek manga komikiarekiko duten zaletasuna. Izugarria da metroan sartu eta zenbat jendek bidaiatzen duen egunero komiki liburua eskuartean. Uste dugunaren kontra, manga generoa ez da zientzia fikzioa eta fantasia alorretara soilik mugatzen. Are gehiago, egiten den manga gehiena egunerokotasuna du oinarri: lan arazoak, eskola, kirola, famili kontuak, sexua... Hain justu egunerokotasunari hain lotua egoteak erakarri zuen Frederic Boilet komikigile frantsesa manga komikira. Boilet 1992. urtetik bizi da Japonian. Bertara beka batekin joan eta bere lorategi bihurtu du Tokio. Frantsesa eta BD (Band Dessinée) egilea izanik, bere ilustratzaile joerari mangaren narrazio moldeak ehitzen hasi zen.

Bere lehendabiziko lan ezaguna l'Épinard de Yukiko (Yukikoren espinaka) aurkeztu eta berehala kazetari batek "Nouvelle Manga" kontzeptua asmatu zuen haren lana definitzeko: Nouvelle Vague zine korronte frantsesaren erritmo, istorio eta irudi kontzeptua eta mangaren narrazio moldearen konbinazioa dira Boilet-en eleberri grafikoaren adierazgarri nagusiak.
Komikia ez da gurean Japonian edo Frantzian bezain arrakastatsua.
Nobela grafikoak inork gutxik kontsumitzen ditu hemen. Horregatik, batzuetan, Boilet-en lanen moduko harribitxiak deskubritzen ditugunean, gizakien artean pribilegiatu sentitzen gara. Zorion epe labur horiek sortzen dizkiguten lanak konpartitu nahi ditugu zuekin: l'Épinard de Yukiko eta haren jarraipena den Mariko Parade eleberri grafikoetan kontatzen zaigun maitasun istorio eder, erotiko eta malenkoniatsua ezinbestekotzat dugu. Tôkyô est mon jardin (Tokio nire lorategia da) lanari hiri berezi honetako neoien lilura dario. 2006. urtearen hasierarekin Japan izeneko "Nouvelle Manga" bilduma bat iritsiko da dendetara. Beste batzuen artean Boilet, Taniguchi eta Takahama egileen lanak biltzen dira bertan. Badakizue...orain zuen eskuetan dago.