audio elektro
hurrengoa

JAMIE LIDELL

Multiply·Warp 2005

Cristian Vogel-ekin batera “Super_Collider”- en ezagutu genuen hasiera batean Jamie Lidell. 2000.enean bere bakarkako lehen diskoa “Muddlin Gea” argitaratu zuen. Orain bueltan dator urteko diskoa bilakatu daitekeen “Multiply”-rekin. Hemen funk, soul edo elektronika nahasten ditu, azkenaldian faltan botatzen genuen irudimen, ahalmen eta ilusioarekin. Horrela entzuten du gainera batek honako diskoa: ilusioz. Warp diskoetxeak berriz ere asmatu du, argi utziaz musikaren industrian badela esperantzarik.

hurrengoa

D. TRIBLE & THE LIFE FORCE TRIO

Love is the answer·Ninja Tune 2005

Denboraren poderioz pisua irabaziko duen disko unibertsala da honako hau, argitaratu aurretik jada harribitxi bihurtzen diren horietakoa. Dwight Trible pisu handiko musikaria dugu, besteak beste Pharaoh Sanders bezalakoen alboan lan egin duelako. Carlos Niño-k (Ammoncontact- eko partaidea) bultzatutako proiektuan dator oraingoan. “Love is the answer” disko futurista da: jazz, hip hop, elektronika, psikodelia edo funk erritmoak nahasten dituena inoiz ezagutu den dotorezia eta arimaz. Musikaz gozatu nahi duen guztiarentzat ezinbestekoa.

hurrengoa

MAD PROFESSOR

Method to the madness·Trojan 2005

Hogei urtetik gorako ibilbidea bildu nahi izan du Neil Fraser-ek (Mad Professor) bere lan berrian. Bere Ariwa Sounds laborategira gerturatzeko bilduma da honakoa (aurten 25 urte bete dituen laborategia). Bi diskotan banatuta dator: Lehenengoan reggae-aren ibilbidean ezinbestekoak diren izenekin egindako lana erakusten digu: Max Romeo, Horace Andy, Lee Scratch Perry... Bigarrenean berriz bere alderdirik esperimental eta kimikoena: Jamiroquai, Massive Attack edo The Orb bezalakoei egindako nahasketak.

hurrengoa

ELURRETAN

Mara-Mara·Moonplace 2005

Orain arte, tarteka, talde ordiziarraren singleak eta iraupen ertaineko lanak iristen zitzaizkigun. Eta guri pertsonalki taldearen filosofia hori gustatzen zitzaigun: kantuak kaleratzea, zuzenean jotzeari uko egitea, rockstarren jarrerari bizkarra ematea. Disko luzearen argitaratzearekin guzti hori aldatuko zenaren beldur ginen. Diskoa -edizio zaindu eta diseinu ederrekoa gainera- eskuartean izan dugun arte. Elurretanen kantuak, mara-mara entzuten diren horietakoak dira: arinak, naifak, alaiak, pretensiorik gabeak, jostagarriak, tristeak, umoretsuak...