hurrengoa
astiberri: komikiak eta komikiak txo!?   Pasadan abenduan Getxoko komiki azokan egon ginela profitatuz Fernando Tarancón-ekin hitzegin genuen Astiberri argitaletxeari buruz. 2001tik aurrera komikiaren merkatua nahikoa gizendu dute bai estatuko zein kanpoko lanekin. Nahiz eta komikien industriaren inguruan jendeak gehiegi darabilen gaia izan arren, industriak jasaten omen duen krisiaren inguruan galdetu genion Fernandori eta berak, gu bezalaxe, krisirik ez dagoela deritzo, industria txikia dela besterik ez. “Are gehiago, azken bolada honetan material kopuru izugarria argitaratu da eta merkatua gainditua egon da. Ez al da kontraesan bat krisia eta saturazioa batera egotea?”.
Hurrengoa Astiberri nola hasi zen galdetzea da, eta ea nola erabaki zuten komikien mundu honetan sartzea. Krisian egon ez arren sektore txikia izanik oso errentagarria ez dena. Arrazoi nagusia argi dauka: “Komikia gogoko ditugulako”. Astiberrirekin hasi baino lehen, eta gaur egun ere, Fernandok Bilboko Joker komiki dendan lan egiten zuen: “Bertan erlazioak egiten dituzu, batekin hitz egin, bestekin, gauzak komentatzen dituzu... Bazegoen bete gabeko hutsune bat komiki munduan: begirada heldu bat. Beno, hortxe zeuden De Ponent eta Sins Entido baina lehenengoak estilo artistikoago bat zuen eta bigarrenak diseinu eta marrazketan jartzen zuen arreta. Gure formatua elaberriarena da gehien bat, “autore komikia” deritzona gehien bat. Baliteke Sins Entido eta De Ponent gabe ez ginatekela existituko, edozein kasuan ezberdin izango ginateke. Nahiko ongi begiratu genuen enpresa sortzearena, hainbat ikerketa egin eta saiatzea erabaki genuen.” Eta afera nola bukatu duen kontatzen digu: “Galera hainbat izan ditugu baina aurrera goaz. Mikro konpainia bezala hasi ginen eta egun txikiak gara jada. Lau kide gaude eta diseinatzaile bat. Bakoitzak gure lana dugu argitaletxekoaz aparte nahiz eta batzuk besteak baino denbora gehiago ematen diogu. Astiberrirekin ez dugu bizitza irabazten, galtzen gabiltza [irriak].”
Astiberrik gazteleraz gain katalanez, euskaraz eta galegoz ere argitaratu izan du, gehien bat umeentzako sailan. Hizkuntza ezberdinek nola funtzionatu duten galdetu genion:Mitologika-rekin hasi ginen euskaraz argitaratzen (Euskal Mitologiaren inguruko komikia) eta egia erran ongi joan zitzaigun, bai euskaraz zein gazteleraz. Baina gainerakoek ez dute ongi funtzionatu. Argitaletxe batzuk komikiak nahiko garestiak jartzen dituzte eta horrekin eta eusko jaurlaritzaren subentzioren batekin aurrera ateratzen dira. Gu ordea ez dugu horrela funtzionatu nahi, jaurlaritzaren laguntzak oso urriak dira, ia irrigarriak eta komikiak ez ditugu horren garesti jarri nahi. Katalanez gauzak hobeago joan dira, Blankets oso ongi saldu zen eta baita Otsoak ormetan ere. Liburu denda orokorretan ere ongi funtzionatu zuen, ez bakarrik komiki liburu dendetan, eta hori ez zen ez euskara ezta galegoarekin gertatu.” Ikusten dugu hizkuntzen arrakasta nahiko erlatiboa dela, izan ere egin dituzten saiakerak aurrendako komikietan izan dira, “Gurentzako aurren gaia ezinbestekoa zen. Merkatuan zegoena ez zen batere ona. Umeentzako literaturan, ipuinetan, bada kalitaterik baina komikietan ez. Komikiak irakurtzen dituen umea erdi mozolo denaren aurreiritziak hortxe jarraitzen duela ematen du eta gu umeentzako kalitatezko materiala argitaratu nahi genuen. Azkenean ez da ongi joan, umeentzako merkatuan sartzea ez da erraza eta ez euskaraz ezta katalanez edo galegoz ez da ongi atera. Argitaratutakoa argi eta garbi umeentzako bazen ere helduek lasai asko irakurri zezaketen eta badirudi azkenean gehiago erosi dutela helduek beraientzako.”
Getxoko azoka aurretik Durangokoa izan genuen eta bertan aurkitu genuen Astiberri lehenengoz. Bertan aurkeztu zuten Habeko Mik aldizkariaren inguruko liburua: “Habeko Mik oso ekimen garrantzitsua izan zen komikiarekiko, bai Euskal Herrian zein estatu mailan eta badirudi inortxok ez diola errekonozimendu hori ematen. Juanma gure kolaboratzailea da eta Deustuko unibertsitatean dabil, hortik argitalpen bateratua sortu zen“. Nahiz eta euskeraz zerbait argitaratu duen eta azokarako Habeko Mik atera, estatu mailan mugitzen den argitaletxea izanik arrotz sentituko ziren hor nonbait: “Mundu apur bat itxia eta probintzianoa dela uste dut. Tipo batek Luis Duranen komiki bat erosi behar zuen bertako estandean eta lagunak erran zion “no, que es un facha” eta tira guk argitaratzen ditugunen artean Luis Duran ez bada euskal kulturan pertsonai bat ez dakit, euskal sari literario bat du eta guzti. Durangon hiru erakustoki eskatu genituen eta bakarra eman ziguten eta oraindik ez dakigu zergaitia ere, gu ordaintzeko prest geunden. Azkenean gauza ez dago oso argi ere euskal liburu eta disko azoka bada, euskaraz idatzitakoa edo euskal gaiarekin? Nahiko zaila da hori ezartzea, hor dago TMEOrekin izandako afera, ez zirela ez bata ez bestea, eta TMEOk ez badu Euskal Herriko kulturan eraginik esango didate. Azkenean noski, TMEOa Durangon da”.
Azkenik Fernandori etorkizunerako asmoen inguruan galdetu genion: “Orain arte autore komikia funtzionatu digula ikusi dugu eta horixe da gainera gehien kontrolatzen duguna, hortaz, horrekin segituko dugu gehien bat. Internazionalki apurtxo bat mugitzea espero dugu ere, Frantzian eta Portugalen adibidez, eskubide batzuk saltzen eta bar. Zorionez jada badugu kalitate estatus jakin bat eta jendeak komiki mota jakin bat argitaratzeagatik ezagutzen gaitu, hortaz, komiki berri bat argitaratzean irakurlegoak zerbait espero du eta guk itxaropen horiek betetzen jarraitu nahi dugu.”
Hala izanen dela uste dugu eta erne ibiliko gara. Ikusiak ikusita mereziko dutelakoan gaude.