audio arkaitz villar
hurrengoa

Jazz & Milk Breaks Vol. 2

Askotarikoa·Jazz & Milk records

Boogaloo, afroo, funk, latin edo nu jazz doinurik ez da falta Jazz & Milk diskoetxeak argitaratu duen bilduma berri honetan. Dantza modu sofistikatuan egiteko aukera berri bat, soinu eta abesti dotoreei esker. Londres, Tokio edo New York-en parera jarri du Donostia gainera, Javi Pez-ek ere parte hartu duelako bilduman.

hurrengoa

Basement Jaxx

Scars·XL Recordings

Felix Buxtonek eta Simon Ratcliffek osatzen duten bikoteak house oinarriak aukeratu zituen bere kantuak sortzeko. Denborarekin, ordea, garai bakoitzak eskatutako erritmoetara eta doinuetara moldatzen jakin dute, eta erritmo balkanikoetatik soul, hip hop edo r&b-ra doazen abestiak sortu dituzte. Horren ondorio izan daiteke lan hau. Estilo ugariren nahasketa da, eta, besteak beste, Yoko Ono, Eli paperboy R-eed edo Kelisen kolaborazioen babesa du.

hurrengoa

Mayer Hawthorne

A strange arrangement·Stone Throw records

Ongi etorriak bihotz apurtuen klubera, edo bihotza apurtu nahi dizuen klubera. Mayer Hawthorne musikagileak hainbat talde eta bakarlarirentzat lan egin ostean, bere kantuak sortzeari ekin zion. Abesteko dohai berezia izateaz gain, ondo doakio kantuak sortzea ere. Berak jotzen ditu instrumentu guztiak, eta soulman zahar batentankeran, maitasunari abesten dio azkenaldian egin ez den elegantziaz.

hurrengoa

R

Uneak·Bonberenea ekintzak

Andoaindarrek hirukote moduan argitaratu dute beren laugarren estudioko diskoa. Bederatzi kantuk osatzen dute lana eta euren herriko Astikrusti estudioetan grabatu dute, taldeari fidela zaion soinua lortuz. Rockaren alderdi biziena sortuz lortzen dute hori, “Zirrarak” bezalako abestiek erakusten duten bezala. Zaila bada ere, hamalau urteren ondoren, taldeak bere indarra mantentzeaz gain fresko izaten jarraitzen du, gure eszenako erreferentzia sendoenetakoan bilakatuz.

hurrengoa

Nirvana

Bleach (20th anniversary deluxe edition)·Sub Pop records

Gure nerabezaroa aldatu zuen taldearen lehen diskoak hogei urte bete ditu, eta hori aitzakia ona da hemen horri buruz hitz egiteko. Argi dago Nirvanak ez zuela hemen AEBtan eragin zuen zurrunbilo bera lortu, baina lagundu zigun alkandora handiak, ile luzea eta lehen bizar luzea eramaten, eta hori izan da munduaz paso egiteko eman genuen lehen pausua. Zuzeneko toma batzuekin osatuta dator, eta “Blew”, “About a girl”, “School” edo “Love Buzz” dagoeneko gure bizitzako soinu banda dira.

hurrengoa

Jimi Tenor & Tony Allen

Inspiration Information 4·Strut records

Beren munduak guztiz ezberdinak badira ere, Tony Allen eta Jimi Tenor-en ibilbidea artistikoa oso unibertsala da. Joko esperimental honetan bien esperientziak batu eta Strut diskoetxeak martxan jarritako “Inspiration information” sailean bildu dute. Berlin, Paris eta Finlandia izan dira grabazioaren geltoki. Jimi Tenorek inork baino hobeto daki musika korronteak transformatzen, eta beste aurrera pausu bat dakar Tony Allen bezalako maisu baten alboan. Lan bitxia, baina energiaz betea.