hurrengoa
parabere markesarekin sukaldean    Michelin izarren edo aurrez prestaturiko janarien garaian bizi gara. Gure etxeko sukaldeak geroz eta gutxiago erabiltzen ditugu eta geroz eta okerrago aritzen gara sukaldaritzan. Azal lodi, argazki eder eta diseinu minimala duten sukaldaritza liburuak oso aproposak izaten dira etxeko apaletan jartzeko, gure eguneroko bazkaria mikrouhinean berotzen dugun bitartean. Bada, ordea, testura, zapore eta kontzeptu gastro filosofikotik aldentzen den beste sukaldaritza bat, eta ez da txuletoi tripakadak aldarrikatzen duen horietako bat. Eta sukaldaritza hori, besteak beste, liburu klasiko bitan biltzen da: Parabere markesaren liburuetan.

Enciclopedia Culinaria de la Marquesa de Parabere izen ponpoxoak bi bildumaz dago osatuta: La cocina completa eta Confitería y repostería. Lehendabiziko edizioak 1933. urtean argitaratu ziren, baina 1940. urtera arte ez ziren azaldu gaur egun ezagutzen ditugun ezinbesteko bi liburu hauek, gorri eta krema koloreko azalekoak. Nagusiki errezeta liburuak dira, baina egungo liburu ponpoxoetatik urrun daude. Lehena, La cocina completa, liburu nagusia da. Bertan, egileak jakiez hitz egiteaz gain, sukaldeaz, tresnez, garbiketaz, historiaz eta antolakuntzaz hitz egiten du. 1500 orrialdetik gora dituen liburu honetan makina bat errezeta eskaintzen dizkigu Parabere markesak: tradizionaletatik hasita, eguneroko bazkarietarako aproposak direnak eta ospakizun berezietarako errezetak arte. Denboraren poderioz, gastronomia aldatuz joan da, teknologia eta jakiak aldatu diren moduan, baina Parabere markesaren errezetek garaikideak izaten jarraitzen dute. Zergatik? Egungo gastronomiaren kontzeptu gaindosiaren eta platerkada txikien gainetik, Parabere markesaren errezetak goxoak eta zaporetsuak direlako.

Markesaren biografia
María Manuela Eugenia Carolina Mestayer Jaquet Bilbaon jaio zen 1877. urteko abenduaren 20an. Diplomazialari eta bankari frantsesen familia bateko alaba zen. Sevilla eta Bilbao artean hazi zen eta Begoñako santutegian ezkondu zen Ramón Echagüe y Churruca abokatuarekin. Garaiko prentsak jarraipen zabala eskaini zion ezkontzari. Etxean zerbitzariak izan arren, sukaldaritza zen bere zaletasunik handiena, eta garaiko sukaldari famatuenekin izan zuen harremana. Zortzi seme alabaren ama izanik, bazuen etxean bere esperimentu gastronomikoen dastatzailerik. 1936. urtean, senarraren nahiari kontra eginez, bi alaba eta seme baten konpainiaz Madrilera abiatu zen, eta jatetxe bat ireki zuen bertan. Fama handia izan zuen, baina oso laburra, Espainiar gerra zibila hasi bezain pronto itxi egin behar izan zuelako. 1941. urtean senarra hil zitzaion eta, seme guztiak alboan, jatetxe berri bat ireki zuen. Frantziatik kontrabandoz ekartzen zituen gauzekin eta arrazionamenduei izkin eginez, aurrera atera zuen. Baina gerra hura ere ez zuen irabazterik izan eta "Parabere" jatetxea itxi egin behar izan zuen. Ez zen kikiltzen zen emakumea, ordea, eta urteetan ikasitakoa idazteari ekin zion. Aipagarri izan ditugun bi liburuak izan ziren bere arrakastarik handiena. 1949. urtean hil zen Parabere Markesa.