audio elektro

THIEVERY CORPORATION

The Cosmic Game·Esl Music 2005

Talde askok beren diskoetara musikari ezagunak gonbidatzen dituztenean euren soinuaren estetika galtzen dute. Komertzialtasunaren tranpan erortzen dira eta asko gainera ito. Eric Hilton eta Rob Garzaren kasua bestelakoa da. Beraien atmosferan jarraitzen du The Cosmic Game lan berriak, aurrekoak baino mistikoago agian. Horretarako The Flaming Lips, David Byrne edo Perry Farrel-en (Porno for Pyros, Jane´s Addiction) laguntza izan dute ohiko Sleepy Wonder-ekoekin batera.

ZURA

Ilargi Handi Zauri Zarae·Metak/Potxo 2005

Gauza gehiegi ditu disko honek lau lerrotan kontatu ahal izateko, baina bada bat nabarmendu daitekeena: Xabi Strubell-en ausardia Dut-en egiten zituen doinu kutsakor eta indartsuetatik urrundu eta hemen datozen doinu akustiko eta esperimentaletara gerturatzeko. Horri Martxel Mariskal, Lorca, Lauaxeta, Nikolas Lekuona, Xabier Erkizia, Bad Sound System etab... gaineratzen badizkiegu, hobe isilik gelditu eta disko liburua harridura aurpegiarekin aztertu eta gozatzea.

SILHOUETTE BROWN

“Titulo gabe”·Ether music / Masterdance 2005

Deborah Jordan ezkutatzen da beste batzuen artean Silhouette Brown deituraren atzean eta elektronikaren doinurik leunenak soul berrienarekin nahasten ditu bere abestietan. Ez dator bakarrik ordea bere debut honetan, ahotsean Bembe Segue-ren laguntza izateaz gain, produkzioa Dego-ren eskutik dator, 4 Hero taldeko kidea. Debut erakargarria da honokoa, doinu lasaienak erritmo aldaketa biziekin nahasten dituena. Aspaldian entzun dugun diskorik erakargarriena.

AMADOU & MARIAM

Dimanche a Bamako·Dro-Atlantic 2005

Malin jaiotako musikari hauek duela 25 urte ezagutu, maitemindu eta ezkondu egin ziren. Itsu izateak ez zien musikarako zaletasun eta maitasuna oztopatu eta haien abestien laguntzarekin ezagunak egin ziren bere lurraldean. Gaur egun Frantzian bizi dira eta bertan grabatu dituzte lan berrian dakarten hamabost abestiak. Kantu etniko, bizi, koloretsu eta alaiak. Manu Chao izan da ekoizle lanak egin dituena hainbat kantutan parte hartuaz.