• 1
  • 2
hurrengoa
birziklatutako santuak angel burgaña   Birziklapena Kuban arte osoa da, baita beharra ere. Nolabait artea behartasunak eragiten du. Kubatarrak den-dena bihurtzen trebeak dira: janariak, bihozminak, jantziak, militarrak, latak, turistak, kaleak, santuak... Kalezulo hau birziklapenaren muina dugu. Bere sorrera Fernando Hamel arma-trafikatzaile alemaniarri zor diogu. XIX. mendearen amaieran arma lantegia sortu eta bere langileentzako etxeak eraiki zituen. 50 hamarkadan etxe hauen auzokoek alde lirikoagoa garatzen hasi ziren, eta La Habana-ko bohemiaren kuartel nagusia bihurtu zen, hainbat musikalari eta trobalarien bat-bateko agertokia, Pablo Milanes kalezale horien artean zegoen. Baina egun batean “filin”-aren erritmoak eta desamodioak isildu ziren. Kale txikia berriro birziklatu zuten, eta Salvador González egindako mural-afrokubatarrak Tirso Diaz-en trobak ordezkatu zituzten. Margolari honen bertako jarraitzaileek kalea euren jainkotasunak (orishak) gurtzeko santutegi bihurtu zuten.
Edozein gauza birziklatuekin egindako aldareak daude, santutasun erakusketa ikusgarri bat osatzen, sinkretismoaren museoan. Santu ahoskaezin hauek Yoruba tribu afrikarren jainkotasunak ziren. Espainolek Nigeriatik esklabo gisa ekarri zituztenean, euren erritualak ere inportatu zituzten. Beltz hauek ebanjelizatzeko ahalmenak agortu baino lehen espainolek ideia bat izan zuten, Yoruben jainkotasun bakoitza santu katoliko baten ondoan jarri zuten, antza gehien zuenarekin, elkarrekikotasun bila. Santu katolikoak birziklatzen, erlijio globalizatua lortu zuten.

bere koka-pena
Kalez kale ibiltzen La Habana eta biok maitemindu ginen. Erraza da hiri honekin zoratzea. Norbera hiriekin maitemintzen da, eta ez bere bizilagunekin, ikuspuntu pragmatiko hutsa da; nekagarria deritzot 4 milioi lagunekin burua galtzea. Etxearte hau non kokatzen den inoiz ez dizuet jakinaraziko. Nire maitaleren isileko bat da. Kubatarrek egiten duten bezala, "turismo imaginario" egitera gonbidatzen zaituztet. Pista bakarra botako dut. Etxadi bat iparraldera, Pelusak bere desintoxikazio tratamendu bitxia jasotzen ari zen ospitalea aurkitu daiteke. Mundu guztian ezagunak dira Kubako medikuen onurak. Eraikin izugarri honen inguruan beste pelegrinazio mota bat sortu zen, uharteko “dealer” ospetsuenen erromesa. Baina gure barrilete-kosmikoa beste molde batekin egindako jainkoa dugu, hau ezin da birziklatu, ezta ber-erabili. Ez itzultzeko ontzia da. Santa Maradona priez pour moi!
Kale honetan sartu eta bat batean Manu Chao-ren disko baten azalean barneratuko bazina bezala sentitzen zara, hormetan margotutako esaldiak bere hitza gogora ekartzen digu. Ya llegó ya llegó Super Changó.