hurrengoa
bizitza gazta bat da uxeta labrit   Zerk bultzatzen ditu dozenaka gizon eta emakume larre aldapatsu batetan behera euren buruak kamikazeen moduan botatzea? Gazta. 7 liberako pisua duen Gloucester gazta bat da ausart hauen artean irabazle bakarrak jasoko duen saria. Gazta horren irabazleak ergel ezizena irabazten duela pentsa dezake askok. Bai, akaso bai. Baina beste askorentzat "gizakien artean jainko" izendatzen du gazta horrek. Urtero, Gloucesterren dagoen Cooper Hill-eko larre maldatsuan errepikatzen den ohitura da.
Dirudienez ospakizun honek oinarri historikoak ditu. Historiagileek feniziarrak aipatzen dituzte, erromatarrak eta leinu britaniarrak ere ageri dira, baina ez gaitezen bidetik okertu, guri eta urtero bertara inguratzen den milaka ikusleei beste zerbaitek erakartzen gaitu: Hezur kraskatze sinfoniak, muskuluak tolestean sortzen duten musika, odol harien bibratoak. Gazta ehiztari hauek bizitza arriskatzen dute (3 partaideetatik 1ek ospitalean amaitzen du eguna) gazta baten ordainean. Gazta ez delako soilik gazta. Gehiago da. Zergatik igotzen da gizakia mendietara? Zertarako jaitsi leize eta ur hondoetara? Zergatik lasterka egin atzetik zakurrik izan gabe? Ergelkeria. Bai. Ados. Lepoa, burua, hezurrak, bizitza larre batean kraskatzea inozokeria dela pentsa genezake. Guk ere asko dakigu hortaz. Gurean harriak jasotzen ditugu, hankak mozkortu arte garraiatzen ditugu txingak eta aizkoraz, jadanik moztuak dauden enborrak mozten ditugu. Kanpotarrek ze begiekin ikusten gaituzte? Ez al dute ba guk garai batean ikusten genuen "Txino Kudeiroz" betetako "Humor Amarillo"-ren euskal bertsioa izango Japonian?

Ergelkeriak bai, baina galduta geundeke tarteka ergelkeriarik egin gabe. Ez al dira adibidez maitasuna, aberria, edo arrakasta ergelkeria hutsak?
Bai thebaldero maiteok: Bizitza gazta bat da.