hurrengoa
origami odlok   Tolestu (oru) papera ( kami) da hitzaren esanahia japonieraz. Denbora alperrik galtzearen ikono bihurtu den paperezko txoriaren atzean historia eta jarduera artistiko aberats bat dago. Guri hala ere denbora galtzearena ongi iruditzen zaigunez, bulegoko ordu amaigabe horietan eta ordenadorean pornoa ikusteaz aspertzen zarenerako zure eskuak okupaturik mantenduko dituen beste jarduera honen ingurukoak azalduko dizkizugu.Nagusiak denbora galtzen ari zarela esaten dizunean, zuk ondorengoa bota diezaiokezu. Inork ez daki zehazki origami-a noiz asmatu zen. Baina paperaren asmakuntza k.a 105. urtean Tsai Lun txinatarrari egozten zaionez, hari ematen zaio lehen paper tolestaile titulua. Papera k.o. seigarren mendean eraman zuten monje budistek Japoniara. Asmatu zenetik gure egunetaraino, papera, objektu eta tresna preziatua izan da Shin Chan-en jaioterrian. Egunerokotasunean oso txertatua dago paperaren erabilera. Japoniar etxeetako arkitektura ezin da egurra eta paperik gabe ulertu, adibidez.
Aitzinean, zeremoniak apaintzeko, monje shintoistek paperez eginiko eskulturatxoak enkargatzen zizkieten herrietako emakumeei. Arte horrek berehala izan zuen garapena. Kami hitzak, papera esanahia izateaz gain, jainkoen izpiritua izendatzeko ere erabiltzen bai da. Hala ere, aitzineko artea izanik, 1797. urtera arte ez zen argitaratu origami plano edo instrukziorik. Ordura arte, papera tolestearen artea emakumezkoen jarduera izan zenez, amek, idazteko aukerarik ez zutenez, ahoz irakasten zieten alabei papera tolestearen arte hau.
Egunsentiaren eguzkiaren herrialdean garatu zen papera tolestearen artea, baina XXII. mendean eta munduaren beste puntan, arabiarren ilargipean argituta bizi zen Iberiar penintsulan paper testura berriak landu eta garatu ziren. Musulmanen erlijioak ez duenez jainkoaren irudiaren errepresentaziorik onartzen, papera beste zereginetarako erabili zuten: matematika eta geometria irakaspen eta garapenerako. Iberiar penintsula utzi zutenean, espainiarrek irakaspen hauei jarraituaz papera tolesteko artea garatu zuten eta papiroflexia izena eman zioten.
Egungo origami garaikideak asko zor dio Akira Yoshizawa maisuari. 1950. urtean hasi eta gaur eguneraino bere ikerketa eta origami lan guztiak argitaratu eta zabaldu dituelako. Origamiaren historia eta aitzinako lanak jasotzeaz gain, paper tolestea dimentsio berrietara eraman du, paper testura berriak bilatuaz, paper hezea bezalako teknika berriak garatuz, eta modelo eta forma berri eta garaikideak sortuaz.
Zure nagusiak paperezko txori edo hegazkina egiten ikusi edo eta asteburutik sobratu zaizun droga papelinarekin bueltaka harrapatzen bazaitu... badakizu... ez zabiltza denbora alperrik galtzen... kamiekin kontaktuan jartzen ari zara aitzinako arte bati esker...

bilatu instrukzioak alean hor nonbait!