hurrengoa
frank miller eta zeluloidea txo!?   Azken boladan Frank Miller komiki marrazkilari eta gidoilari famatuarekin erlazionaturik dauden hiru film aurkitu ditugu: Elektra, Batman Begins eta Sin City. Hori dela eta hiru filmei jatorria ematen dien komikiak aipatu eta bide batez Miller-en bizitza eta lanaz apur bat gehiago ezagutuko dugu. Komiki hauetaz gain beste asko egin badu ere, hiru hauek Miller-en lorpenen hiru ardatz nagusiak direla esan genezake. elektra
Elektraren mitoa betetzen ez duen pertsonaia da Elektra. Miller bere aita izanda, ez zuen ama hil harekin joateko. Horren ordez aita bertan behera utzi zuen. Frank Miller-ek sortu bazuen ere Elektra beti egon da Marvel argitaletxearen eskuetan. Miller Daredevil marrazten eta idazten zebilen garaietan sortu zuen Elektra Daredevilen amodio gisa, baina garai hartan Marvel argitaletxeak bere marrazkilarien sormen guztien eskubideak zituen (egun AEBtan gertatzen den bezalaxe). Miller-ek, Elektraren pertsonaia ohiko super heroiak baino haratago eraman zuen eta pertsonaian izugarri sakondu zuen aurreago argitaratuko zituen komiki ezberdinetan, hala nola “Elektra Assassin” eta “Elektra lives again”. Horren ostean pertsonaiaren istorioa bukatutzat eman eta behin betiko hil zuen. Orduan, arrakasta komertzialak aginduta eta pertsonaiaren eskubideak zituenez, Marvelek pertsonaia berpiztu eta hainbat serie ezberdin sortu zituen marrazkilari eta gidoilari ezberdinekin, pertsonaiaren sakontasun eta konplikazio guztia alde batera utziz. Miller, etsituta, ez zuen ezer gehiago jakin nahi izan.
Daredevilen inguruko pelikulan sekundario bezala agertu ostean Elektrak bere pelikula propioa izan du. Eta ez oso pelikula fina. Hauxe, Miller berak sortutako pertsonai baten inguruan egindako pelikula non Miller-ek ez duen zer ikusirik izan, ezta nahi ere.

batman begins
Daredevilen istorioak irauli ostean Batmanen ordua heldu zen. Miller jauna superheroien mundua iraultzen eta berritzen maisua dela frogatu du. “Batman: The Dark Knight Returns” egin eta Batmanen pertsonaia eta unibertsoa izugarri berritu zuen bai AEB-tan zein munduan izugarrizko arrakasta lortuz. Etorkizunezko Batman zahar bat erakutsi zigun usteldutako Gotham batean (usteldutako AEBtan) non Superman armadarekin kontratu legala duen eta Batmanek guzti hori birplanteatzen du. Horren ostean “Batman Year One” idatzi zuen David Mazzuchellik marraztua eta honekin etorkizunera baino iraganera joan zen. Izugarrizko istorioa sortu zuen non bai Batman eta bai Gordon komisarioa Gotham hirira heltzen zireneko urtea modu itzelean kontatzen zen. Bruce Wayne bidaiatzen eta entrenatzen ibili ostean Batman bezala lehenbizikoz azaltzen da eta Gordon, Gotham-ra destinatuta joan eta bertako polizia ustelduan leku bat eginez ikusiko dugu.
Hain zuzen ere bi komiki horietan oinarritua dago berriki etortzen zaigun “Batman Begins” filmea. “Batman: Year One” ematen dio filmari muina eta “The Dark Knight Returns”-ek giroa eta hainbat detaile. Film honetan Miller-ek pertsonaiarik sortu ez duen arren hark egindako ekarpenetan oinarritua dago.

sin city
Miller super heroien argitaletxe handiekin nardatua bukatu zuen. Komiki marrazkilari eta gidoilariek bere sorkuntzen eskubideak izatearen aldeko kanpainan sartu eta borroka horren buru ikusgarrietako bat bilakatu zen. Argitaletxe handiengandik independentzia eta burujabetza horretan sortu zuen Sin City. Genero beltza bueltan ekarri zuen komikietara egunerokotasunez hornituz eta ez ohikoak ziren istoriak sortuz. Apustu estetiko sakona egin zuen eta aukera estetiko zein ekonomiko gisa grisik gabeko txuri beltza hartu zuen, Sin City-rentzako marrazkera berezi eta espresionista sortuz. Sin Cityk izugarrizko arrakasta izan zuen eta istorio anitz sortu zituen bekatuaren hiriaren kaleak betetzeko. Istorio bakoitzak aitzindari ezberdinak ditu baina guztiak daude erlazionaturik. Mafia osatzen dutenak beti daude erlazionatuak, hiriko neskak ere beti dute elkarren berri eta istorioak protagonizatzen dituzten detektibe, mozkor, marine ohiak eta gainerakoek beti dabiltza antzeko leku edota lokaletan.
Egun Sin City zinera datorkigu bere pertsonai eta istorio guztiekin Frank Miller berak eta Robert Rodriguez zinegileak elkarrekin zuzenduta gainera. Arreta berezia jarri dute komikiaren estetika, irudi gogortasuna eta txuri beltza errespetatzeko, ohikoa ez den zerbait lortuz. Horretarako, besteren artean, pertsonaien aurpegiak komikian bezala mantendu nahi izan dituzte aktoreak makillajez karakterizatuz, aspaldian Dick Tracy pelikulan egin zuten moduan. Hona hemen pelikula bat non Millerrek pertsonaiak sortu dituen eta buru belarri sartua ibili den pelikularen sorkuntza eta zuzendaritzan. Azkenean Miller bere sorkuntzen jabe izatea lortu duela dirudi.