• 1
  • 2
hurrengoa
mapen historio labur bat    Unibertsala da gizakiak neurketarako duen joera eta neurketa hori grafikoki gordetzeko beharra. Babiloniarrena da aurkitu den maparik zaharrena. Kristo aurreko 2300. urtekoa da, eta buztinean zizelkaturik dago. Mapa horretan lur-sailen neurketa azaltzen da, gero, agintariek zergak kobratzeko erabiltzen zutena. Mende batzuk beranduagokoak dira lur-sailak banatzeko balio zuten Txinan topatutako mapak. Garai berean, Marshall uharteetan, landare zuntzaz eginiko mapetan, Ozeano Bareko uharteen kokapena azaltzen duten mapak egiten ziren. Lehenengo itsas mapak edo kartak lirateke horiek. Inken eta Maien zibilizazioek ere ezagutzen zuten kartografiaren artea. Euren mapetan menderatzen zituzten lur-eremuak adierazten zituzten.
Kristo aurreko VI. mendean, Anaximandro filosofo grekoak mundu ezagunaren mapa borobila egin zuen. Egeo itsasoko uhertzak ziren garai hartan “mundu ezaguna”. Erastotenesek, Kristo aurreko II.mendean, mundu ezagunaren kontzeptua zabaldu zuen: Ganges ibaia ekialdean, Britainia Handia gisa ezagutzen dugun uhartea mendebaldean, Libia hegoaldean, Eskandinabiar penintsularen hasiera iparraldean. Mapa honetan azaldu ziren, lehendabiziko aldiz, marra bertikalal eta horizontalak. Kristo ondorengo 150. urtean, Tolomeok Geographia liburua idatzi zuen, mapa ugariz osatua. Hura da ezagutzen dugun lehen Atlasa. Erromatarrek kartografiaren artea garatzen jarraitu zuten, baina, inperioaren suntsipenarekin batera, Europako kartografiaren zientzia desagertu zen. Jerusalem munduko erdigune gisa aurkezten zuten lau monje kenduta, atzera-pauso izugarria eman zen kartografian. Marinel arabiarrek, ordea, garai berean, mapa izugarri fidagarriak egin zituzten. Al-Idrisi jakintsuak munduko mapa berri bat egin zuen 1154. urtean. Eta beranduago, XIII. mendean, mediterraneoko marinelek, meridianorik eta paralelorik gabe, portu garrantzitsuenak batzen zituzten lerroekin eginiko itsas-kartak garatu zituzten.
1507. urtean, Martin Waldseem ller geografo alemaniarrak eginiko mapan, America izena azaldu zen lehen aldiz. Américo Vespucio-ren omenez jarri zuen; marinel italiarrak, itsasoa utzi eta Sevillan geratu zenean, bere bidaien mapak egin eta banatu zituelako. 1570ean, Abraham Ortelius kartografo flandiarrak 70 mapa biltzen zituen lehen Atlas modernoa argitaratu zuen: Orbis Terrarum.
Garai hartan, mapak eskuratzea eta irakurtzen jakitea oso garrantzitsua zen. Mapak ziren bidaiatzeko tresna bakarra, eta haien ziurtasuna ez zen egungoen modukoa. Gerardus Mercator, garaiko kartografo eta mapa bildumagile handiena izan zen. Mapa ugariren azterketa egin zuen, eta berak marraztutako munduko mapa ezinbesteko tresna izan zen garaiko nabigatzaileentzat.
XVII. mendetik aurrera, mapen zehaztasuna asko garatu zen. Latitudea eta longitudea hobeto kalkulatzen hasi ziren eta lurraren tamaina eta forma modu zehatzago batez ezagutzen hasi ziren. Itsas korronteak zehazten zituzten mapak ere mende horren erdialdean agertu ziren. Gainera, kartografiaren printzipio zientifikoak ezarri ziren, eta esploratu gabeko eremuetan soilik ematen ziren akats larriak. XVIII. mendean beste aldaketa handi bat eman zen kartografian: lurralde berriak deskubritzeko izpiritua itzali zen, eta izpiritu nazionalista piztu zen Europako herrialdeetan. Herrialde bakoitzak bere lurraldea eta mugak zehazki neurtzeari ekin zion. Frantzia, Erresuma Batua, Austria, Suitza eta Espainia, lan horri ekin zioten buru-belarri. AEBetan, 1879an, Geological Survey sortu zen herrialde osoko mapa topografikoak egiteko. 1891an ospatu zen Nazioarteko Geografia Kongresuan mundu osoa 1:1.000.000 eskalan kartografiatzeko proiektuari hasiera eman zitzaion. Oraindik amaitu gabe dago lan hori. XX. mendean kartografiak garapen tekniko ugari izan zuen. Hegazkinetatik eginiko argazkiek, hasieran, eta sateliteetatik eginikoek, beranduago, iraultza bat izan ziren mapa topografikoetan eta geodesikoetan. Hala eta guztiz ere, lurraren zati ugari geratzen da oraindik sakonki kartografiatzeko, eta zer esanik ez planetaren zatirik handienari buruz. Ozeanoek sekretu eta zonalde ezkutu ugari gordetzen dituzte kartografo eta geografoentzat.