hurrengoa
lukas moodysson, suediako mutil hori... koldo almandoz   Xixon-ko zinemaldiko azken edizioan, behin baino gehiagotan eta egoera ezberdinetan zuzendari suediarrarekin egin nuen topo. Emanaldi ofizialetan, zine areto edo eta hondartzan, kasualitateak behin baino gehiagotan elkartu gintuen. Niri jakina, topaketa hauetan voyeur arena egitea tokatzen zitzaidan. Zine garaikidearen “enfant terrible”-a antropologo baten moduan espiatu nuen nire eguzki betaurrekoen atzean ezkutaturik. Lehendabiziko topaketa
Zinemaldiaren inagurazio ekitaldian, eskenatokiko hertz batean, teloia altxa zain. Jertse gorriko txanoak ia aurpegia estaltzen zion. Boxeolariak konbatearen aurreko pasillo dantzan azaltzen diren moduan zebilen batetik bestera Jovellanos antzokiko eszenategi bazterrean. Inagurazioa amaitu eta pelikulen proiekzioan nire alboko eserlekuan izan nuen emanaldi osoa, txanoa jantzita, aspertu aurpegiarekin, 12. asaltoa noiz iritsi zain.

Bigarren topaketa
Begoña Kalea. Eguerdiko hamabiak. Parka berdean babestuta eta bere skate zapatilei begira oinez. Lukas Moodysson handia, kritiko eta zinefiloen kuttuna kaleko baldosa marrak ez zapaltzera jolasten.

Hirugarren topaketa
Prentsaurrekoa. Kazetari batek Bergman, Kaurismaki, Haneke eta bere moduko zuzendari nordikoek zergatik duten munduaren ikuspegi hotz hori galdetu dio.
"Baina Haneke austriarra da ezta?" -erantzun dio Moodysson-ek-
"Beno, iparraldeko europarra" –kazetariak-.
"Ez dut Suedia, Finlandia edo eta Austriaren arteko ezberdintasunak azaltzeko asmorik...".
Prentsaurreko orotan kazetari iluminatu bat azaltzen da beti. Horrelako egoerak behin eta berriro errepikatzen direla pentsatu dut. Moodyssonek prentsaurrekoan botatakoen artean hauek:
-"Film gutxi dago bizirik egotea zer den ongi islatzen dakitenak"; "Bergman eta biok oso ezberdinak gara. Hark bere haurra mantentzen zuen bizirik eta nik nire nerabetasuna daramat oraindik barruan sartuta"; "Suedia ez da herrialde idilikoa. Apur bat sikopatak gara. Guztia ongi dagoela dirudi. Itxurakeri hutsa da. Badakigu gu aberatsak bagara, txiroagoak direnei lapurtu diegulako dela eta horrek gure sentimenduak itzaltzera eraman gaitu. Mendebaldeko herrialdeetan bi aukera soilik daude: pobrea edo sikopata izatea".

Azkeneko galdera:
-Zure azken filmak zergatik izena du "Zulo bat nire bihotzean"?
-"Filma zulo bat delako nire bihotzean".

4. topaketa ondartzan
Uhertzean. Oinez. Bere skate zapatilei begira. Pauso bakoitzeko istorio bat pentsatuko balu bezala. Tarteka gelditu eta olatuei begira geratzen zen. Gurutzatu ginen baina saiatu nintzen ez begiratzen. Horrezkero hari segika nengoela pentsatuko zuen.

Filmografia:
Ingmar Bergman-ek, zine garaikidetik interesatzen zitzaion gutxia Moodyssonen lana zela esan zuenetik zama hori darama bizkar gainean 1969an jaio zen Lukasek. “Talk” laburmetraiaren ostean “Fucking Amal” liluragarria filmatu zuen. Ostean “The new country” eta “Together” etorri ziren. 2001ean “Terrorister” filmatu zuen, debekatua eta Suediatik ateratzerik ez dagoen pelikula apurtzailea. 2002. urtean etorri zen aldaketa “Lilya 4-ever” filmarekin. Ordura arte irtenbidea zuten bere filmen protagonistek hemen guztiz galduko dute. Itxaropen eza eta zulo beltzaren sakontzea da bere azken lana, “A hole in my heart”. Inor epel utziko ez duen pelikula bortitza.