• 1
  • 2
hurrengoa
richard stallman iñigo martinez   Richard Stallman software librearen mugimenduko buru ikusgarrienetarikoa da. Izan ere, bera dugu mugimendu honen sortzailea, duela 20 urte pasata GNU proiektua martxan jarri zuenetik. Bere kurrikulumak "jenio" batena dirudi: Harvarden ikasi zuen, Bostoneko MIT mirestuan Inteligentzia Artifizialeko laborategian jardun zuen sistema eragileen garapenean, tartean Emacs testu editorea garatuz, 1984an dena alde batera utzi eta GNU proiektua martxanjartzeko alde egin zuen arte. Software librearen mugimenduak asko dio ezkertzeko. Badira urte batzuk programatzeari uko egin ziola. Geroztik zuzentzen duen Free Software Foundation elkartearen izenean munduan barna harat hunat dabil software librearen ebanjelizazio lanean apostolu baten moduan. Hori bai, berarekin elkarrizketa labur bat nahikoa da bere lorpenen artean berri bat eransteko, mitoak akatzea. Alegia, bere lorkuntza akademikoak zein programazioan eta software librearen sustapenean egindako lan erraldoia eklipsatzen ditu bere garbitasun falta, jokamolde zeken eta solaskidearekiko begirune txikiarekin. Batak ez du bestea kentzen, baina distantziatik bere lana miresgarriago da.

Nola ikusten duzu GNU/Linux sistemaren garapenaren egoera une honetan?.
Ez dakit nork irabaziko duen, software libreak edota pribatiboak. Hori denon esku dago. Inertzia handia dago, berezkoa, erabiltzaileek daukatena orain arte programa horiek erabiltzeagatik. Baina bestetik, Microsoft lan handia egiten ari da inertzia hori areagotzeko, mundu osoan barna instituzio ezberdinekin hitzarmen bereziak eginez. Eskoletarako programak doan ematen ari dira, ikasleek euren programekin ohitzeko. Baina eskolatik kanpo programa horiek ez dira debalde. Lehen droga dosia ere oparitzen ohi dizute.

GNU/Linuxen garapena zerbitzarietan eta zenbait eremu espezializatuetan (animazioa, superkonputazioa...) gainontzeko eremuetan baino azkarragoa izan da. Urtero hitz egiten da GNU/Linux sistemaren jauzi masiboaz erabiltzaile arrunten ordenagailuetara, baina oraindik ez da halakorik suertatu, erabiltzaile kopurua emeki haziz badoa ere.
Egia da duela urte gutxi batzuk arte GNU/Linux sistemak ez dituela eduki behar bezalako interface grafiko on eta erabilgarriak. GNU/Linux sistema ez zen behin ere zuzenduta egon aipatzen dituzun alor jakin horietara, baina interface grafikoaren kaskartasunak bere erabilpena nagusiki eremu horietara mugatu zuen. Egun ordea, interface grafiko egokiak ditugu, Windowsekoak bezain atseginak eta hortaz edozein erabiltzailearentzat erabilterrezak.
(bizarrako ile batzuk kentzen ditu pentsati, pilotatxo bat egin eta mahai gainean uzten ditu, natural natural)
Dena den software librearen abantailak ez ditugu alor teknikora enfokatu behar, baizik eta erabiltzailearen askatasunera. Programa guztiek dituzte akatsak, batzuek nahita egindakoak, baina guztiek nahi gabe egindakoak. Software libreak erabiltzaileari kodea ezagutzeko askatuna, kode hori zuzentzeko zein hobetzeko askatasuna eta beste edonori kode hori baldintza berdinetan luzatzeko askatasuna ematen dio. Software pribatiboak beti murrizten du erabiltzailearen askatasuna. Esate baterako, prentsarako askatasunak ez du erran nahi denok egunkari bat argitaratu behar dugunik, baina bai ordea aukera hori eskubide bat dela.

Zer nolako eritzia duzu Windows sistemarako gero eta popularrago diren Mozilla Firefox edo Open Office bezalako software libre aplikazioei buruz?
Hobe da Windows Open Officekin erabiltzea beste ofimatika pakete pribatibo batekin baino. Litekeena da erabiltzaileei errezago suertatzea software librerako migrazioa urratsez urrats egitea jauzi bakarraz baino. Baina afera ez da aplikazio hau beste honengatik aldatzea, baizik eta software pribatiboa alde batera utzi eta software librearekin lan egitera pasatzea, askatasunaren mundura.
(oraingoan ez dakit nondik ateratako txotx batekin bere portatilaren teklen arteko zirrikitoetatik ile gehiago harrapatzen ditu. Hauekin ere prozedura berbera: atera, pilotatxoak egin eta mahai gainean utzi, natural natural)
Hortaz, ongi deritzot programa horien erabilpenari, bide zuzenaren lehen urratsa baitira. Aitortu behar dut ez naizela Windowsetik beste sistema batera migratzeko aholkuak emateko pertsonarik egokiena, izan ere behin ere ez naiz Windows erabiltzailea izan.

Zer deritzozu Europar Batasunean azken aldian egiten ari diren saiakeretaz sofwarearen eremuan AEBko bezalako patente sistema bat ezartzeko?
Hau zinez arazo larria da. Erraten duzun moduan Europar Batasuneko Batzordea software patenteen legedia onartzen saiatzen ari da mota guztietako jukutriak erabiliz, baina okerrena dena, Europar Parlamentuak hartutako erabakiari muzin egin nahiean. Hori antidemokratikoa da eta horregatik Europar Batasunarekin amaitu beharra dagoela aldarrikatzen dut. Ez da bidezkoa funtzionario publiko batzuek Europar Parlamentuaren eta Estatu partaideen gobernuen erabakien kontrako arauak indarrean jarri ahal izatea. Errate baterako, Holandako Parlamentuak software patenteen kontrako eritzia azaldu zuen, baina hala eta guztiz ere Holandako gobernua kontrakoa egiten ari da. Ustelkeria hutsa. Europar Batasuna demokraziarentzat arriskugarria da eta hortaz amaiera eman behar zaio.
(orain buruko adaskei iritsi zaie txanda...)
Europa politikoki bateratuaren ideia erakargarria deritzot, baina baldin eta batasun hori demokratikoa bada, eta egun agerikoa da itxura besterik ez duela demokratikoa. Europar Batasuneko legebiltzarrak ez du erabakitze ahalmenik. AEBn ezberdina da, sistema demokratikoa da, baina egia da ez duela behar bezala funtzionatzen, legebiltzarkideek lege tiranikoak onartzen dituzte, mediaren poterea mendera ezina da...

Nola ikusten duzu GNUk izan duen eragina Copyleft mugimenduan, informatikatik beste alor sortzaile batzuetara hedatuz?
Copylefta lan bat argitaratu eta bere erabilpenaren murrizpenak ekiditeko lanabes bat da. Baina ez dut xedea bezala ulertzen, metodo bat baizik. Horregatik ni ez naiz Copyleft mugimendu batetaz mintzo. Errate baterako ez dut uste musikan copylefta berdin berdin egokitu behar denik. Sorkuntza praktikoetan ez bezala, ez dut beharrezkoa ikusten lana eraldatzeko eskubidea. Aukera hori ematea ongi da, baina ez premiazkoa. Erabiltzaileek xede komertzialik gabeko kopia pribatuak egiteko eskubidea defendatzen dut.

euskadi, ven y cuéntalo
Stallman jauna berriki izan genuen Euskalduna Jauregian SPRIren eskutik. Richardek honako pasadizo xelebre hau idatzi du bere webgunean (www.//agia.fsf.org/rms-blog/entry-20041223):
"...Bilbon emandako hitzaldiaren ondoren, zeina Eusko Jaurlaritzak software librea enpresetan sustatzeko antolaturiko ekitaldi baten barruan baitzen, antitrioiek hainbat oroigarri zituen poltsatxo bat oparitu zidaten – ene irudiz, bisitari atzerritarrari zonaldea ezagutzera emateko pentsatuak (ziurrenik, nik uste, kanpoko inbertsioak erakartzeko asmoarekin). Biharamunean, abiatzeko prest nengoelarik, poltsako opariak irekitzen hasi nintzen. Tartean Kepa Junkera euskal musikari famatuaren CD bat zegoen. Izena ezaguna zitzaidan, ez ordea musika.
Eta jakin minez nengoen. Baina CDaren azalak "Copy Control" zioen. Susmagarria. Kontrazalean berriz, hainbat hizkuntzetan ohartzen ninduten diskoak Windows eta Mac sistemetan badabilela. Ez zuen inon esaten GNU/Linux sisteman software librearekin funtzionatzen ez duenik, baina begi bistakoa zen. CD akatsdun bat oparitu zidaten!... Diskoa oparitu zidan pertsonari itzuli nion honako aholkuarekin: "Hemen duzu etsaiaren aurpegia. Mesedez itzuli CDa erosi zenueneko dendara eta dirua berreskuratu, ez dezaten hemendik inongo etekinik atera eta arren, ez erosi CD akatsdunik!"