• 1
  • 2
hurrengoa
minak salatzeko /barruak ixteko ainara gorostizu   I  ainara gorostizu Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974): “Arrakalak” / Xabi Borda (Azpeitia, 1981): “Birika puskak”

Birikia puskak: "egunerokotasunak itotzen gaituenean arnasa hartzkeo bidea eskaintzen digu birikak".

Arrakalak: "arrakalak itxi beharrekoak edo irekitzekoak izan daitezke. Inguruarekiko gatazka egoera batean, osotasunik, perfekziorik, ortodoxiarik ez dut nahi. Arrakalak behar ditut; beste ikuspuntu, erreferentzia, arnas bide batzuk."
Gotzon Barandiaran: Nik 30 urtegaz argitaratzen dut lehenengo liburua, gauzak oso lasai hartuta. Azkeneko bi urteetan nire inguruan eta munduan ikusitako gertakarien aurrean jarrera bat adierazi behar nuelako. Nire barruko minik ez dut agertzen nire min bezala, baizik eta ni komunitate bateko partaide bezala eduki ditudan minak salatzeko idatzi dut.

Xabi Borda: Nik berriz neuretzat idatzi dut; zenbaki eta formula artean bizi naiz eta barruak lasaitzeko. Ez dut kolektibotasunik bilatu. Indibidualki pentsatu eta sentitzen dudana esan dut, eta ez diot esandako hori kolektibo bati esan nahi izan, baizik eta banako bati.

GB: Liburuarekin neure iritzia eta ikuspuntua azaldu nahi dizkiot irakurleari. Ez nagoelako konforme gehiengoak niretzat garrantzitsuak diren gauzei buruz duen ikuspuntuarekin. Ez diot eskatzen nik bezala pentsatzeko, baina gauzekiko beste sentsibilitate bat egon daitekeela erakutsi nahi diot. Gauza arruntenetatik hasita, harremanetan esaterako. Sentsibilitatea eskatzen diot irakurleari.

XB: Nik konplizidadea eskatzen diot, liburuan sartzeko ahalegina. Liburua idazteak bilaketa lan bat suposatzen dio idazleari, eta irakurleari beste lan bat suposatzen dio zuk idatzitako hori irakurtzeak.

GB: Idazten duzun momentuan zu ez zara kontziente publiko bat daukazula aurrean antzezlan bat egitean bezala. Liburu bat idazten duzunean ez dakizu etxean dagoen irakurle horrek zer sentituko duen. Ez duzu pertsona horri begira idazten.

XB: Ideia bat duzu eta horrek eramaten zaitu poema egitera, egitura bilatzera eta osatzera. Nik diziplinaz idatzi dut, astean bi. Goizetan klaseetara joan eta zerbait leitu, eta arratsaldean idatzi.

GB: Ideiak, hitz solteak, irudiak, musikak, pelikula bateko eszena... denak apuntatzen ditut. Gero eskultore baten antzera hasten naiz figura ateratzen. Poema hausnarketa prozesu bat da. Argi ilunekin ikusten dudana argitu egin behar dut. Modelatze prozesu hori gustatzen zait, gozatu egiten dut.

XB: Gozatu ez, normalean sufritu egiten dut idaztean. Ideia batetik abiatu eta poema bukatu arte gaizki pasatzen dut; gero bukatutakoan gozatzen dut.

GB: Liburua amaitzean sentsazio gazi-gozoa dut, liburu horretan gauza batzuk esan ditut, baina ez naiz asetu.

XB: Ni kontrakoa, kristoren asetua hartu dut, eta ordutik ez naiz gauza izan beste ezer idazteko. Zero.

XB: Idazleak konprometitua behar du bere buruarekin eta bere poesiarekin. Gizartearekin konprometitu behar duenik ez dut ikusten.

GB: Oinarrizkoa iruditzen zait konpromiso maila hori, fartsa bat ez izateko.

XB: Niretzako nahikoa da.

GB: Baina nik Gotzon pertsona bezala inguruarekin konpromisoak ditut ez nagoelako gauza batzuekin konforme. Idaztean jarrera hori bilatzen dut eta hori estimatu egiten dut irakurtzen ditudan idazleen artean ere. Nire etxean, nire herrian, Euskal Herrian, munduan jarrera bat eduki behar dut.

XB: Baina hori pertsonalki egiten duzu, ez idazle moduan. Bizian konpromiso batzuk dituzu idaztean ez dituzunak. Poesia egiten ari zarenean ez zara ari bizia egiten. Ez dut uste bizian dituzun konpromiso horiengatik idatzi behar denik.

GB: Nik bestela uste dut. Eguneroko bizitzan jarrera bat dut eta horrela idatzi nahi dut. Baina ez dut mitinik eman nahi. Idazten ditudanak idazten ditut irakurtzen duenarengan eragin batzuk edukitzeko.

XB: Hor dago idazlearen egoa.

GB: Hori ez da ego kontua. Nik beste sentsibilitate bat konpartitze beharra sentitzen dut. Horrek ez du esan nahi ez dela idatzi behar jarrera intimo batetik.

XB: Nik neure buruari eragin nahi diot, ez diot inori ezer aldarazi nahi.