hurrengoa
hiru truku: hiru musikari, hirugarren diskoa.    Ruper Ordorikaren ahots argiak zalantzak argi uzten saiatzen da. Eta baita lortu ere. Eta galderen zergatia aberasten, grina sortzen eta solasaldiaren gozamena hasten, eta hezten. Luzatzen. Hiru Truku. Horrek elkartu gaitu eta horri helduko diogu honetan. Trukuz eta turkoz, mairuz eta arerioz, magiaz eta doinuz jantzita datorkigun kontua. Edo kantua. Musikaren kariaz gaudelako.
Kalean dago jada hirukotearen azken lana: “Nafarroako Kantu Zaharrak”. Bixente Martinez, Joseba Tapia eta Ruper Ordorika ongi konpontzen omen dira, eta horrek gauzak errazten dituela diote, baita bizikidetasuna gozagarriago egin ere. Honekin hiru disko dituzte elkarrekin, lehenengo biek - “Mendebaleko Euskal Baladak” eta Mendebaleko Euskal Kantuak” - bizkaieraren mundua jorratzen dute baina honetan nafarrari heldu nahi izan diote musikariek. Oñatiarraren hitzei eutsiz, “duela zortzi urte inguru, harat-honat kantaldiak eskaintzen genbiltzala jende askok galdetzen zigun ia noiz ekin behar genion Nafarroako kantu zaharrak egiteari. Eta nik esaten nien Bixente eta Tapiari, brometan, beka bat behar zutela lortu niretzako eta joango nintzela Baztanera kantak ikastera. Gero nire kabuz miatzen hasi nintzen eta gauza bitxi batez ohartu nintzen; euskaldun jendeak kantatzen dituen doinu asko eta asko nafarrak direla”. Alta, diskoko abesti gehienak arrotz egingo zaizkio entzule zein zaletuari. “Gure diskoan ezagunak ez diren kantuak bildu nahi izan ditugu. Kantu zaharrak irakurketa anitz onartzen ditu eta guk gurea egin nahi izan dugu”, diosku Ordorikak.

Gaiztoak eta, gainera, trukuarekin
“KONTUZ” dioen pankarta baten aurrean egon beharko ginatekeela dirudi. Lasai. Jolasa besterik ez da. Hitzak eta doinuak nahasten dituena. Hirukotearen lehen diskoan “Jaunzuriano” izeneko erromantzea azaltzen zen eta baladan Trukukumia edo Trukua izeneko pertsonaia. Ruperrekin jarraituz, “nik uste dut pertsonaia hau turkoa dela, Kristautasunaren arerioa, gaiztoa. Orain ere Zuberoako pastoraletan arras ongi ezberdintzen dira onak eta turkoak. Turkoak gaiztoak dira. Abestiak dioenez, pertsonaia hau urrunetik dator, turkoak bezala jantzita, arrotzak bezala, mairuak lez... Zentzua gustatu zitzaigun eta horregatik hartu genion izena, gaiztoak eta trukuarekin: hitz bakarra nahikoa hori azaltzeko”.

Non daude sormenaren antipodak?
“Hiru Trukuk ez du inoiz karrera egitearen nahia izan. Elkarrekin oso ongi pasatzen dugu eta izugarri gustatzen zaigu egiten duguna. Gurea zaletasun kontua da”. Hitz hauekin azaltzen dute euren egitekoaren zergatia. Ezin alde batera utzi taldeak Euskal Herriko eta atzerriko folkean lortu duen tokia. Oñatikoak dionez, “nik uste dut askoz zailagoa dela, kontrakoa pentsatu arren, Ruper Ordorika zabaltzea Hiru Truku baino. Hemendik kanpo, eta batez ere Espainian, askoz errazago ulertzen dutelako euskaraz kanta zaharrak kantatzea kanta berriak baino. Gauza berriak kantatzeak sofistikazio handiagoa dakarrelako, agian”. Alta, kanta zaharrek badute modernoek ez duten xarma: ikerketaren gozamena, aurkikuntzaren zirrara. “Gehien maite duguna egiten dugu eta zeregin honetan oso gauza bitxiak daude. Norbaitek pentsa dezake sormenaren antipodetan gaudela baina hori ez da egia. Egiten dugunaren zergatia erraz labur daiteke: Ez dugu hori kantatzen zaharra delako, ederra delako baizik”.

Urte honen amaiera eta hurrengoaren hasiera kantaldiz josiko dituzte Euskal Herriko bazterrak. Hori gustatuko litzaieke gehien, “doinuak euskal jendearen artean zabaltzea”. Etorkizunera begira ez omen ditugu erantzun zehatzak jaso. Hobe. Izan ere, eta Ruperrek berak dionaren arabera “bigarren diskoarekin gurea amaitu zela uste genuen, baita azaldu ere eta, uste ez genuen bezala, hemen gaude berriz. Beraz, ezin jakin zer gertatuko den”.